Prentsa Aretoa
2017/03/22
EAJ-PNVk onartezintzat jo ditu Alonsok Lehendakariari egindako irainak, “Urkulluk konpromiso irmoa baitu bakearekin, biktimekin eta indarkeriaren amaierarekin”
Iñigo Iturrate jeltzaleak barkamena eskatzeko galdegin dio Euskadiko PPren presidenteari, Iñigo Urkullu Lehendakariari ETAren bozeramaile izatea leporatu izanagatik. “Irain pertsonala eta politikoa da, erabat gaitzestekoa. Barkamena eskatu beharko luke. Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzak urteak daramatzate Euskadin bakea lortzeko lanean”
-
Iturrate: “Euskadiko talde popularrak harreman normalizatua eta esparru politikoa nahi badu aldatu beharra dauka, hau ez baita bidea” 2017/03/22
Iñigo Iturrate EAJ-PNVren talde parlamentariaren koordinatzaileak esan du Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidentearen adierazpenak “onartezinak, iraingarriak eta lotsagarriak” direla. Alonsok Urkullu Lehendakariari eskatu zion “ETAren bozeramaile gisa jarduteari uzteko eta espetxe-alorreko proposamena zuzentzeko”. “Ez dago irain horiek ulertzerik, errealitatez kanpo daude. Alfonso Alonsori eskatzen diogu Lehendakariari barkamena eska diezaiola”.
ETB-1eko elkarrizketa batean, ordezkari jeltzaleak baieztatu du Lehendakariak “aski erakutsia dituela giza eskubideekin, herri honen bakearekin eta biktimekin duen konpromisoa, eta ETAren jardueraren kontrako jarrera. Ez bakarrik Lehendakari denetik, baita aurretik izan duen ibilbide politiko luzean ere”. “Adierazpen onartezinak dira, iraingarriak maila pertsonal zein politikoan, eta lotsagarriak. Ez da onargarria Alfonso Alonsok horrelako salaketarik egitea. Esandakoak zuzendu eta barkamena eskatu beharko luke. Lekuz kanpo dago, Alfonso Alonso eta Euskadiko PP jokoz kanpo daudelako, Espainiako eta Frantziako gobernuak baino okerrago”, adierazi du.
Iturratek nabarmendu du Urkulluk, Eusko Jaurlaritzak eta alderdi politiko gehienek zein euskal gizarteak argi utzi dutela ETAren armagabetzea “aldebakarrekoa, ordainik eta negoziaziorik gabea” izan behar dela, eta “ez dela bidezkoa salaketa faltsuak eta adierazpen iraingarriak egitea”.
Ordezkari jeltzalearen ustez, Euskadiko PPren jarrerak argi uzten du politikan noraezean dabilela. “Arkumez mozorrotzen da aurrekontu-akordioa sinatu eta balioan jartzeko, eta hurrengo egunean otso-larruz janzten da. Ez du laguntzen PPk espazio propioa izateko”.
Iturratek ohartarazi duenez, PPk diskurtsoz eta jarreraz aldatu beharko du, Euskadin harreman normalizatuak izan nahi baldin baditu eta politikan eragin nabarmena izan nahi baldin badu. Beste politikari eta erakunde batzuk diskrezioz ari dira ETAren armagabetzea laguntzeko, ondo amaitu dadin, eta bitartean, Euskadiko PPk tentsioa eta zailtasunak baino ez ditu gehitzen.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15