Prentsa Aretoa

2017/03/03

Eusko Legebiltzarrak Autogobernu Ponentzia eratu du eta Jone Berriozabal jeltzalea hautatu du taldeko koordinatzaile

Bakartxo Tejeria Euskal Ganberako presidentea izan da Euskadiko Autogobernua eguneratzeko Ponentzia eratzeko ekitaldiaren buru. Bertan parte hartzen dute EAJ-PNVren izenean Joseba Egibar bozeramaileak, Iñigo Iturratek eta Jone Berriozabalek

rss Ezagutzera eman
Eusko Legebiltzarrak Autogobernu Ponentzia eratu du eta Jone Berriozabal jeltzalea hautatu du taldeko koordinatzaile

ARGAZKIA JAITSI

Euskadiko autogobernua eguneratzeko ponentzia gaur goizean sortu da Eusko Legebiltzarrean. Bakartxo Tejeria, erakunde legegileko presidentea, izan da saioaren buru. Bertan, Jone Berriozabal izendatu dute taldeko koordinatzaile, aurreko legegintzaldian bezala.

Ponentzian talde parlamentari bakoitzeko hiru kidek parte hartzen dute. Euzko Abertzaleak taldetik doazenak Joseba Egibar, Iñigo Iturrate eta Jone Berriozabal dira. Lantaldea sortzearekin, Alderdi Sozialistarekin sinatutako gobernu-hitzarmenean jasotako konpromisoetako bat bete da: Autogobernua eguneratzea aztertuko duen Ponentzia sortzea. Taldeek 15 eguneko epea ezarri dute berriro elkartu eta datozen hilabeteotarako egoki derizkien lan proposamenak egiteko. Agerraldi edo txosten berriak eskatzeko aukera egongo da, modu horretan aurreko legegintzaldian egindako lana osatzeko.

Ponentzia osatzen duten taldeek “adostuko dituzte estatus politiko berria egiteko oinarri politikoak, sozialak eta ekonomikoak”. EAJ-PNVk ahalik eta adostasun zabalena bilatzeko beharra nabarmendu du, inongo betorik gabe, arduraz eta lan eta elkarrizketa zintzotik abiatuta.