Prentsa Aretoa

2017/03/02

EAJ-PNVk emakume abertzaleak omenduko ditu larunbatean Sabin Etxean

Talde jeltzaleak bere esker ona eta aitortza adieraziko die 1895 urtetik hona, erantzukizun publikotik zein barne esparruan, batzokian, lanean, kalean eta etxean abertzaletasunaren eta euskal kausaren alde lan egin duten milaka emakumeei

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

‘Izan zinetelako gara”. Horixe da Euzkadi Buru Batzarrak eta Euzko Alderdi Jeltzaleak, larunbatean, martxoak 4, Sabin Etxean, EAJ-PNVren 122 urteko historian talde jeltzalearen eta euskal kausaren alde lan egin duten emakume guztiei, izan zirenei eta direnei, eskainiko dien ekitaldirako aukeratutako goiburua. Erantzukizun publikoak beren gain hartu zituzten eta dituzten ehunka emakumeei zor zaien aitortza da baina, modu berezi batean, bigarren maila batean, anonimotasunetik, argietatik eta agerpen publikotik urrun lan egin duten milaka alderdikide eta alderdizaleei esango zaien `eskerrik asko´ argi eta ozena. Lan handia egin baitute batzokietan, lanpostuan, kalean eta etxean. Guda Zibil garaian, klandestinitate aldian, Trantsizioan eta gaur egun. Seme alabei, ilobei, ideario abertzalea irakatsiaz; euskara, bertsolaritza eta dantza eskolak emanaz; Uri Buru Batzarren ekonomia estuari laguntzeko lan egun luzeak eginaz, tortillak prestatuaz zein Batzokietako barran txandak eginaz; hauteskunde kanpainetan lan aktiboa eginaz, botoak prestatuaz, kaleetan kartelak itsatsiaz eta abarretan arituaz. Horiek emakume guztiek merezi dute larunbateko ekitaldian adieraziko den esker ona.

Euzkadi Buru Batzarrak martxoaren 8an Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko dela aprobetxatu nahi izan du ekitaldi hau antolatzeko. Esker ona eta aitortza horiek musika, umorea eta emozioen bidez adieraziko dira. EBBko presidente Andoni Ortuzarrek eta Bizkai Buru Batzarreko presidente andre Itsaso Atutxak hitz egingo dute eta bi bideo proiektatuko dira, musika ekitaldia izango da eta beste hainbat ezusteko ere bai. Ekitaldia streaming bidez ikusi ahalko da EAJ-PNVren web orrialdetik (www.eaj-pnv.eus) eta Facebook Live gunetik (https://www.facebook.com/eajpnv).