Prentsa Aretoa

2017/01/27

EAJ-PNV Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean arituko da euskara eta euskal kultura sustatzeko

Garbiñe Mendizabal legebiltzarkideak garrantzitsutzat jo du “euskal kultura munduan zabaltzea eta sormena, kontsumoa eta sarbidea laguntzea”. Euskarari dagokionez, Mendizabalek Bingen Zupiria sailburua animatu du, herritar guztien hizkuntz-eskubideak bermatzeko politikak bultzatzen jarrai dezan

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Euskal kultura eta bere sortzaile eta industriak babestea giltzarri da EAJ-PNVrentzat, “baldin eta kontsumoa handitu eta Europara esportatu nahi badugu”. Garbiñe Mendizabal legebiltzarkide jeltzaleak baieztatu duenez, horretarako beharrezkoa da kultur industrien lana aitortu beharra dago; bereziki, sortzaile txikiena. “Sortzaile txikiak dira jendearengandik gertuen daudenak, eta beren lana babestuta, gure kultura indartu eta kontsumoa bultzatzen dugu”.

Bingen Zupiria sailburuak Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldia baloratu du Mendizabalek, eta animatu egin du sustatzen jarrai ditzan euskal kulturaren balioa eta hori posible egiten duten pertsonak. Ildo horretan, ezinbestekotzat jo du Eusko Jaurlaritzak kultura nazioartekotzeko egindako apostua. “Ekoizten dugun kultura mundu osora heltzea nahi dugu, eurengana iritsi eta baita eurengandik ikasi ere. Gu ezagutzen gaituen Europa nahi dugu, eta badaukagu horretarako tresna: Etxepare Institutua. Bere misioa funtsezkoa da sortzaileek eta enpresek beren lana atzerrian erakusteko. Organismo gaztea da, sei urte baino ez ditu sortu zenetik, baina orain arte emandako fruituak baliagarriak izan dira euskararentzat eta euskal kulturarentzat”. EAJ-PNVren ordezkariak gainontzeko erakundeen elkarlana eskatu du, helburu horiek eta beste batzuk lortzeko eraginkorragoak izate aldera.

Hizkuntza Politikari dagokionez, Mendizabalek orain arteko lana eta emaitzak aitortu ditu, euskararen ezagutza eta erabilerari dagokionez. “Bide bate gin dugu. Pausu garrantzitsuak eman ditugu eta aurrera egin dugu, baina lanean jarraitu behar dugu, pertsona guztien hizkuntza-eskubideak bermatuko dituzten politiken alde”. Hori guztia, gaineratu du, adostasunez eta progresibitate-, sendotasun- eta malgutasun-printzipioak jarraituz.

EAJ-PNVren legebiltzarkideak EITBren erreformari buruzko debatea bat egin du, bere alderdiaren konpromisoa berrestuta, PSE-EErekin duen Gobernu akordioan ere jasota dagoena. “Helburua da zerbitzu publikoa efizientzia handiagoz ematea. Modernizazio-prozesu bat, zerbitzu publikorako bokazioa indartzeko eta eskaera sozial berrietara egokitzeko”.

Kirolari dagokionez, Mendizabalek nabarmendu du jarduera fisikoa “aisialditik edo lehiatik haratago doan elementu gisa” ulertu behar dela. Ordezkari jeltzalearentzat, jarduera fisikoa osasun-balioa da herritar guztientzat. Mendizabalek Sailari eskatu dio emakumeen kirola bultzatzen jarrai dezala, eta etorkizunean garatuko dituen politika guztietan genero-ikuspegia txertatu izana eskertu du.