Prentsa Aretoa

2016/11/22

EAJ-PNVk aste osoa dedikatuko dio emakumeenganako indarkeriaren kontrako borrokari

Talde jeltzaleak hainbat ekimen eta egintza ezberdin antolatu ditu azaroaren 25ean ospatzen den egunaren kariaz.

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk aste osoa dedikatuko dio emakumeenganako indarkeriaren kontrako borrokari

ARGAZKIA JAITSI

Atzo iluntzetik, Sabin Etxeko fatxadan ikusgai dago puntu lila, EAJ-PNVk emakumeenganako indarkeriaren kontra daukan konpromisoaren erakusle gisa. Konpromiso hau hezurmamitzen da urteotan euskal erakundeetan bultzatu eta abian jarri diren ekimen, egitasmo eta politiketan. Argi eta garbi esaten dugu, hitzez eta egitez: emakumeen kontrako indarkeriari EZ.

Halaber, EAJ-PNVren web guneak, Facebook orrialdeak eta twitter profilak bat egin dute ekimen honekin, eta gizarte sare hauetan guztietan puntu lila ezaguna izango da egunotan EAJ-PNVren adierazgarria.

Atzo arratsaldean Euzkadi Buru Batzarrak ostiralean ezagutzera emango den agiria idatzi zuen. Agiri honetan talde jeltzaleak bere gaitzespenik sendoena erakusten die emakumeen kontra, dimentsio guztietan erabiltzen diren indarkeria adierazpen guztiei, eta hitzematen du, euskal erakundeen eta euskal gizartearen eskutik, emakumeen ahalduntzea bultzatzen jarraituko duela indarkeriatik libre biziko den gizartea lortze aldera. Agiri honen irakurketa solemnea azaroaren 25ean egingo dute EBBren presidente Andoni Ortuzarrek eta EBBren idazkari Mireia Zaratek.

EAJ-PNVk emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko xedez abian jarri dituen ekimenen barruan, aste honetan bertan Euskal Ganberako legebiltzarkideei prestakuntza ikastaroa eskainiko zaie, genero berdintasuna hizpide.