Prentsa Aretoa

2016/11/18

EAJ-PNVk Urkullu Lehendakari izateko hautagaitza erregistratu du Legebiltzarrean

Joseba Egibar legebiltzar-taldearen bozeramaileak ziurtatu duenez, “hautagaitza aurkeztu dugu Urkullu Lehendakari izan dadin, eta ez inbestidura-eztabaida egite hutsagatik”.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos legebiltzar-taldeak gaur, ostirala, erregistratu du Iñigo Urkulluren hautagaitza berriro Lehendakari izendatzeko, Eusko Legebiltzarrean. Datorren asteazkenean izango da izendapena egiteko bilkura.

Joseba Egibarrek, talde jeltzalearen bozeramaileak, erregistratu egin du hautagaitza Legebiltzarrean. Erregelamenduak ezarritako epean egin du, izendapenerako bilkura hasi baino 72 ordu lehenago. Egibarrek nabarmendu du Iñigo Urkullu Lehendakari izateko hautagaitza aurkezten dutela, “eztabaida egiteko, baina batez ere Lehendakari izendatzeko, Jaurlaritza osatzeko eta bere herri-proiektua gizarteratzeko”. Aurkezpena, eztabaida eta aukeraketa, adierazi du. “Beste hautagaitza bat izango da, ez dakit aurrez ezarritako gidoi batek behartuta aurkeztu ote duten, baina guk Iñigo Urkullu aurkeztu dugu Ganberaren babesa jaso dezan eta lau ardatzetan oinarritutako bide-orria jarrai dezan: ekonomia eta enplegua, gizarte politikak, bakea eta bizikidetza, eta estatus politiko berria. Hori da gure erronka. Eztabaidatu dezagun, euskal gizarteak ezagutu ditzan gure lan-ildoak eta Iñigo Urkullu izan dadin Lehendakari berria”.

Lehendakaria izendatzeko bilkura hilaren 23an hasiko da, asteazkenarekin, goizeko bederatziak eta erdietan. Iñigo Urkulluk ordubete eta erdi izango du bere gobernu-programa aurkezteko. Egun horretan izango da lehen bozketa. Gehiengo absolutua lortzen ez badu, bozketa ostegunean errepikatuko da, eta bigarren horretan nahikoa da botoen gehiengo sinplea lortzea.