Prentsa Aretoa

2016/09/22

Urkulluk Arabako gizartearen aurrean hitzeman du Vitoria-Gasteizeko hiriburutasun kanona %50 areagotuko duela

Arabako zerrendaburuak iragarri du Euzko Jaurlaritzak beste 10 milioi euro jarriko dituela “Udalarekin adostuko ditugun egitasmo berezietarako”. Inbertsioa, guztira, 296 milioi eurokoa izango da.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Gaurko aukera baliatu nahi dut Vitoria-Gasteizko hiriburutasun kanona %50 areagotuko dugula iragartzeko. Gure Gobernua izan da udalarekin akordio hau izenpetu duen lehena, eta 20 milioi euro inbertitu ditugu horretan. Hurrengo lau urteei begira, gure konpromisoa 30 milioi inbertitzea izango da”. Lehendakari eta Arabako zerrendaburu jeltzale Iñigo Urkulluk gaur arratsaldean Arabako gizarte ordezkariekin izan duen topaketa baliatu du jeltzaleen konpromiso berria iragartzeko: hiriburutasun kanona hurrengo legealdian 5 milioi izatetik urteko 7,5 milioi euro izatera igaroko da. Baina Urkulluk harago joan nahi izan du, osagarri modura, bere Exekutiboak Udalarekin jardungo duela “adostuko ditugun egitasmo berezien finantzaketarako beste 10 milioi euro jartzeko” . Berraukeratua izateko aurkezten den hautagai jeltzaleak ofizialtasun osoz iragarri du EAJ-PNVk bikoiztu egingo duela Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizekin duen konpromiso ekonomikoa, iragan legealdian inbertitutako 20 milioiak hurrengo legealdian 40 milioi izango direlako. “Hauxe da Vitoria-Gasteizekin dugun Hitzarmena. Konpromiso zehatzak. Izen abizenak dituzten proiektuak” esan du Urkulluk. Iñigo Urkulluk eta Araba Buru Batzarraren presidente José Antonio Susok Arabako elkarteetako, enpresa munduko, hezkuntza, kultura eta kirol arloko 300 bat pertsona hartu dituzte gaur arratsaldean arabar gizartearen ordezkariekin izandako topaketan.

Urkulluk hitzeman du “ %100ean Arabarra” den esaldia aplikatuko duela “ Gehien entzun dizuedan esaldia: `Garia eta galtzua bereizi behar dira´. Nire konpromisoa da emandako hitza betetzea, hau da, garia. Ez dut demagogiarik egingo, hau da, galtzua. Nire konpromisoa da dagokidan erantzukizuna neureganatzea, garia. Ez dut biktimismoa gustuko, galtzua. Politika ulertzeko dudan modua baikorra, aktiboa eta eraikitzailea da, gari alez ale. Hitz egiterakoan egintzak aurkeztea dut gustuko, hitz hutsetara mugatu barik. Ondo baino hobeto dakit egun bakoitzean zer hitzematen ari naizen. Beteko dugula jakin dakidana baino ez dut hitzematen. Ez dago formula magikorik. Hitza da niretzat “pertsonekin eta giza duintasunarekin dugun konpromisoa”.

Zentzu berean, Urkulluk `Vitoria-Gasteiz ituna´ aurkeztu du. Hiriko garraioa eta Vitoria-Gasteizko ingurumena hobetzea suposatzen duen hitzarmena (61 milioiko inbertsioa Tranbia Unibertsitatera eta Salburuara eramateko; 27 milioi euro autobus elektriko edo BRTrako); Zadorra, Batan eta Zapardiel ibaien onbideratze hidraulikoa 16 milioiko inbertsioarekin; pertsonei ematen zaien osasun arretaren kalitatea hobetzea; 79 milioiko inbertsioa Txagorritxu eta Santiago erietxeetan; 26 milioiko inbertsioa bederatzi Ikastetxe berrietan; 5 milioiko inbertsioa Artium Museoan, Andre Mariaren Katedralean eta Jazz Festibalean; Arasur eta Jundiz-Foronda proiektu logistikoei eman beharreko bultzada; Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Udalarekin lankidetzan Forondako Aireportua sustatzeko hitzarmena; 26 milioi euroko inbertsioa Gasteizen Garapen Ekonomikoko Egitasmoetan,… eta abar luze bat. “Hauxe da Vitoria-Gasteiz hiriarekin hitzartu duguna. 296 milioi euroko inbertsioa hitzeman dugu Eusko Jaurlaritzari dagozkion lanetan eta Arabako erakundeekin partekatutako jardueretan. Vitoria-Gasteiz modernizatzeko inbertsioak dira. Gure helburu nagusia lortzeko bidean aurrera egiteko urratsak dira: enplegu gehiago eta kalitate hobekoak; langabezia %10tik jaistea; eta 20.000 gazteri lehen lan esperientzia eskaintzea. Lau urteotarako suposatzen du 296 milioiko inbertsioa” baieztatu du Arabako zerrendaburu jeltzaleak.

ABBren presidente Jose Antonio Susok, erakundeen artean gizarte kohesionatua eraikitzeko egin den lan bateratua azpimarratu nahi izan du: “Araba bide gurutze bat da eta horrek ekarri du Arabako gizartea alderdi ideologiko eta kulturalean horren anitza izatea. Gure burua ulertzeko gai izan gara, denon artean gizarte kohesionatua eraiki dugu garapen ekonomiko maila handiarekin, justizia, berdintasuna eta solidariotasuna moduko baloreekin”. “Aurrera egiten jarraitu nahi dugu” esan du Arabako presidente jeltzaleak “eta elkarrekin egiten jarraitu nahi dugu gure gizartea gero eta garatuagoa eta oparoagoa izan dadila arlo ekonomikoan; bidezkoagoa, solidarioagoa eta iraunkorragoa, arlo sozialean”. Susok gaurko hitzaldia amaitzeko gogoratu du azken azterketa soziologikoen arabera euskal gizarteak Urkullu lehendakariari ematen dion balorazioa gogoratuz. “EAJ-PNVk pertsonarik onenak jartzen ditu gizartearen zerbitzura. Politikan, edozein beste lan esparrutan bezala, denok nahi dugu kudeatzailerik onena gure alde izatea. Iñigo Urkulluk azken lau urteotan erakutsi du lemazain ona dela, onena, gure Herriak aurrera egiten jarrai dezan” baieztatu du.