Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2016/09/20

Urkulluk hitzeman du Euskadi genero berdintasun rankingean laugarren tokian egon dadila lortzeko lana egingo duela

Lehendakariaren apustua da amatasun eta aitatasun baimen berdinak eta besterenezinak sustatzen joatea, soldatetan eman daitekeen arrakala desagerraraztea eta emakumeen kontrako indarkeriaren biktimei erantzun integrala ematea

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Iñigo Urkullu lehendakariak Durangoko Andragunean azaldu ditu EAJ-PNVk hurrengo lau urteetarako berdintasun alorrerako proposatzen dituen neurriak. Berraukeratua izateko aurkezten den hautagai jeltzaleak bere buruari ezarri dion erronka nagusienetakoa da Euskadi Europako genero berdintasun rankingean laugarren tokian jartzea, eta hori lortzeko ahalegina egingo duela hitzeman du. Berdintasuna "ezinbestekoa" da garapen iraunkorrerako, esan du Urkulluk, eta esparru honetan ezarri dituen helburuak dira,besteak beste, emakumeen eta gizonen soldaten artean egon daitekeen arrakala ezabatzea, amatasun eta aitatasun baimen berdin eta besterenezinak sustatzen joatea eta emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko lan egiten jarraitzea.

Urkulluk aitortu du egiazko berdintasuna lortu arte oraindik "bide luzea egin behar dela" baina era berean azpimarratu duenez "bide onetik goaz". Gaur egun, eta Europako Berdintasun Institutuaren metodologia aplikatzeko helburuari dagokionez, "Euskadi bosgarren dago Europako berdintasun rankinean, Suedia, Finlandia, Danimarka Herri Behereen atzetik" azaldu du Urkulluk. EAJ-PNVren ideia bide horretatik segitzea da eta hurrengo legealdian, gutxienez, toki bat irabaztea ere bai. Lehendakariak gaineratu duenez, argi geratu dena da "berdintasun alorrean aurreratuen dauden herriak direla ekonomikoki ere aurreratuen daudenak".

Europako berdintasun rankingean gora egiteko, berraukeratua izateko aurkezten den EAJ-PNVren hautagaiak helburu ezberdinak ezarri dizkio bere buruari, besteak beste soldatetan eman daitekeen arrakala murrizten laguntzea edo lan merkatuko promozioa sustatzea, baina argi eta garbi azpimarratu du sentsibilizazio eta prebentzio alorrean ere lan egin beharra dagoela, bereziki belaunaldirik gazteenei dagokienez. "Familia eta lana uztartzeko neurriek ardurakidetasunean eta aitatasun eta amatasun baimen berdinen sustapenean eragitea lortzeko lana egingo dugu, baimen hauek ere, denborarekin, berdinak eta besterezinak izan daitezen" azaldu du .

Urkulluk kezka handiz aipatu du "desberdintasunaren adierazpenik ikaragarriena": genero indarkeria. Eta hitzeman du erantzun integrala eskainiko diela babes polizialaren bidez, aholkularitza juridiko bidez, laguntza psikologiko bidez, prestazio ekonomikoen bidez, hezkuntzatik emandako erantzunaren bidez eta lan munduratzeko aukeren bidez, besteak beste.

Next Euskadi
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA