Prentsa Aretoa

2016/09/19

Inkestek izan dezaketen eragin desmobilizatzaileaz ohartarazi du Urkulluk: “Garrantzia duen bakarra igandekoa da”

Lehendakariak Espainiako alderdiei deitoratu die asteburuan Euskal Hauteskundeak “Espainiako primaria gisa” erabili izana eta “Euskadiko etorkizunerako proposamen edo ideia bakarra” utzi ez izana.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Lehendakari eta berraukeratua izateko hautagai jeltzale Iñigo Urkulluk hainbat mezu zabaldu ditu gaur Basaurin. Eta horien artean badago bat besteak baino ozenago adierazi duena: ez dago konfiantza gehiegi izaterik, ez dago lortutako gauzatzat jotzerik inkestek EAJ-PNVri igandeko hauteskundeei begira ematen dioten garaipena. Euskadi hurrengo lau urteotan esku onetan jarraitzea nahi duten guztiek, alderdikide izan edo ez, alderdizaleak edo noizbehinkako hautesleak izan, ezin dute lortutzat jo datorren igandeko hauteskundeetako garaipena. Egin behar dena da garaipen hori errealitate bihurtzea eta botoa hautestontzian utzita gauzatzea. “Ez iezaiezue hauteskundeei begiratu, ez zaitezte inkestez fida. Euskadik asko dauka jokoan. Ezin dugu daukaguna arriskuan jarri. Boto bakoitza behar dugu. Boto bakoitzak lagunduko digu Gobernu egonkor, sendo eta irekia izaten. Euskal gizarteari segurtasuna emateko unea da. Horregatik eskatzen dizuet Euzko Alderdi Jeltzalearengan konfiantza izatea. Konfiantza Euskadin. Konfiantza etorkizun hobean”. “Horregatik eskatzen dut konfiantza hori Euzko Alderdi Jeltzalean izatea”, esan du Urkulluk EAJ-PNVk gaur arratsaldean Basauriko Solabarria Plazan egin duen ekitaldi politikoan. Lehendakariarekin batera, gaurko beste hizlariak izan dira Bizkai Buru Batzarraren presidente Itxaso Atutxa eta Basauriko alkate Andoni Busquet.

“Mobilizazioa eta esfortzuak indartzea. Garrantzitsuenak botoak dira” esan du Urkulluk, eta jarraian zera argitu du “botoak baino zerbait gehiago behar da. Konfiantza partekatu behar da eta proiektu zehatz eta bideragarriak behar dira, aurrera egin ahal izateko”. Eta Euskadiko Hiri eta Ingurumen birgaikuntzarako hamabi konpromiso aipatu ditu, Ibaizabal ibaia Galdakaon bideratzetik, Txomin Eneako birgaikuntzaraino eta Martutenen Urumea ibaiaren bideratzeraino, Zadorrra ibaiaren bideratze lanekin eta Vitoria-Gasteizen hegoaldeko uztai berdea burutuz…“Egitasmo zehatzak dira, Herrialdez herrialde egingo direnak. Hazteko eta enplegua sortzeko inbertsioak. Inbertsioak Herria modernizatzeko eta gure erronka handia lortzeko: langabezia %10etik jaistea. Boto bakoitza behar dugu. Euzko Alderdi Jeltzaleari ematen zaion boto bakoitza da Euskadi hobea lortzea” esan du Lehendakariak.

Urkulluk jarraian deitoratu du iragan asteburuan, Espainiako lau alderdiek Euskal Hauteskundeak “Espainiako primaria balira bezala” erabili dituztela. “Euskal gizarteari errespetu falta erakutsi zaio. Elkar kritikatzen jarraitzera etorri dira. Proposamen bakar bat ere ez. Konpromiso bakar bat ere ez. Ideia bakar bat ere ez Euskadiren etorkizunerako. Euskadi ezin da Espainian dituzten interes politikoen parte izan. Igandean Euskadik jokoan izango du Euskadi izaten jarraitzea”, esan du hautagai jeltzaleak. “Euskadi denon artean eraiki behar dugu. Gure babak guk atera behar ditugu eltzetik, inoren zain egon gabe, betidanik egin izan dugun moduan. Euskal gizartearen babesarekin, gure indarrarekin, Madrilera joango gara Autogobernua defendatzera, areagotzera eta hobetzera, Euskadi errespetatua eta aitortua izan dadila lortzera. Horretarako behar dugu botoen indarra, Euskal Autogobernua aldezteko eta zabaltzeko, Autogobernua ongizate eta enplegu gehiago eta hobea delako”.

Horregatik guztiagatik, Urkulluk botoa eskatu die “ume txikiak dituzten eta Hezkuntzaz arduratuta dauden familiei, Euskal Hezkuntzaren kalitatea hobetuko dugulako; etxebizitza erosi eta kreditua ordaintzea kostatzen zaien bikoteei, hazten , enplegu gehiago eta kalitate handiagoko enplegua sortzen jarraituko dugulako; profesionalei, merkatariei eta langile autonomoei, kontsumoa suspertzen hasia dela ikusi dutenei, egonkortasuna bermatuko dugulako; familia- enpresei , merkataritzari eta autonomoei lagunduko diegulako; eta familia sortu eta seme alabak izan nahi dituzten bikoteei, familiei zuzendutako laguntzak %50 areagotuko ditugulako, laguntza gehiagorekin, haurreskola gehiagoekin eta familia eta lana hobeto uztartzeko ekimenekin” bermatu du.

Itxaso Atutxak, bere aldetik, hautagai jeltzaleen esperientzia azpimarratu du esperientzia hori Euskadiren ongizatearen defentsarako bermerik onena delakoan. “Gure ardura osoa enpleguan jarri dugu, jarduera ekonomikoa bultzatzeko lanean, langabezia %10etik murriztu dadin, 20.000 gaztek Euskadin lehen lan esperientzia izan dezaten. Ekonomia errealak gora egitea nahi dugu. Eta hori lortuko dugu industriak, berriz ere, zerbitzuetatik eta merkataritzatik tira egitea lortzen badugu. Euskal industriak Barne Produktu Gordinaren laurden bat izateko helburua jarri dugu. Industria prestakuntzarekin, berrikuntzarekin, nazioarteratzearekin, iparraldeko herrialdeekin lehiatzeko eta Ongizate Estatuari eusten jarraitzeko”, esan du.

BBBren presidenteak esan du EAJ-PNVk aurrera egiteko eta etorkizunari begiratzeko balorerik onenak ordezkatzen dituela eta Iñigo Urkullu Lehendakarigaiak horren erakuslerik handiena dela. “Hauxe da gure etxea. Hauxe da guk maite dugun herria. Hartu dugun konpromisoa da denon artean eraikitzea. Eta horixe da hurrengo igandean hautestontzietan erakutsi behar duguna. Hautestontziak EAJ-PNVren botoekin bete behar ditugu, guretzat Euskadi lehena dela erakusteko. Gure semeen eta alaben herria. Bidal dezagun mezu argi eta sendoa, esan dezagun argi eta garbi Euskadik etorkizunari begiratuko diola eta ez diola Madrili begiratuko. Euskadik “ezetza” emango die paralisiei eta bakarrizketei, eta “baietza” emango die erantzukizunari, elkarrizketari, akordioei eta gobernu onari. `Baietz´ horiek guztiak ondoen ordezkatzen duenari, Iñigo Urkulluri. Gu guztion Lehendakariari”.

Amaitzeko, Andoni Busquet Basauriko alkate eta Bizkaiko zerrenda jeltzaleko hautagaiak azpimarratu du Euzko Alderdi Jeltzaleak dagokionari ekiten diola: pertsonak, hiritarren ongizatea eta etorkizuna lehenesteari, hain zuzen. Etorkizun hori euskal erakunde bakoitzean hasten da. ”Begirada hementxe bertan jarrita, Madrili eta hango besaulkiei soslai begiratu gabe. EAJk ez dio ezeri soslai begiratzen. Gero eta Euskadi hobea eraikitzeko ahalegina egiten du, bere herriak eta hiriak, Bilbotik Zeberiorainoko bidean Basauritik igaroz, gazteentzako enpleguak eta etorkizunerako aukerak lortzen lagunduz, nagusien ongizatea bermatuz, momenturik onenean ez daudenei babesa eskainiz eta behar besteko inbertsioak eginez, aurrera egiteko tren hau gal ez dezagun”, amaitu du.