Prentsa Aretoa

2016/09/19

Urkulluk Euskadin autogobernuari buruzko akordio zabala adostea eta Estatuarekin akordioa hitzartu beharra aldarrikatu du

Berraukeratua izateko aurkezten den hautagai jeltzaleak Vitoria-Gasteizen baieztatu du Euskadi nazioaren aitortza juridiko-politikoaren alde lan egingo duela "bide legaletik eta oinarri demokratikoa abiapuntutzat hartuta”.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Zazpi urrats "Euskadirentzako etorkizun politiko berrirako". Arabako zerrendaburu jeltzale eta berraukeratua izateko aurkezten den Iñigo Urkulluk gaur goizean Vitoria-Gasteizen azaldu ditu euskal autogobernua eguneratzeko eta Euskadin bizi garen pertsonen bizitza kalitatea hobetzeko proposatzen dituen zazpi ideiak "autogobernu maila handiagoak ongizate handiagoa dakarrelako" esan du Lehendakariak. Adostasuna proposamenaren oinarritzat hartuta, Iñigo Urkulluk lehenengo eta behin aldeztu du Eusko Legebiltzarraren baitan akordio anitza lortzeko beharra, jarraian, Estatuarekin autogobernua eguneratzeko ituna adosteko. "Euskadi nazioaren aitortza eta berdintasunezko harremana, aldebikotasuna aurreikusiko dituen  akordioa ”.

Gernikako Estatutua ez da osorik bete eta Urkulluren hitzetan ezinbestekoa da euskal autogobernua eguneratzea eta moldatzea: "Beharrezkoa da autogobernuaren berezitasuna aitortzea eta itun izpiritua berreskuratzea, benetako aldebikotasuna lortzeko" esan du hautagai jeltzaleak. Urkulluk, hori bai, argi utzi nahi izan du EAJ-PNVk helburu horiek bide legaletatik eta euskal herritarren borondatea errespetatzeko oinarri demokratikoaren bidetik bilatuko dituela .

Urkullu lehendakariak era berean gogoratu du Eusko Legebiltzarrean Autogobernu Lantaldearen baitan azken urteotan talde ezberdinen arteko adostasuna bilatzeko egin den lana. Ekarpen guztiak oinarri hartuta, Arabatik aurkezten den hautagai jeltzaleak prozesu bat planteatu du  autogobernua eguneratzeko egitasmoa “tramitatzea, eztabaidatzea eta onartzea", alegia. Etorkizun politiko berriari begira, Urkulluk hurrengo zazpi urratsak proposatu ditu :

  1. Akordio instituzionala Eusko Legebiltzarraren baitan
  2. Akordioa anitza izango da, hau da, ezberdinen artekoa
  3. Akordio honek oinarri legal eta demokratikoak errespetatuko ditu
  4. Euskadiren errealitate nazionalaren aitortza jasoko du
  5. Hiritargoak akordio instituzional hori berretsiko du
  6. Estatuari itun politikoa proposatuko zaio. Akordioa legeetan jasotzea
  7. Euskadin Akordio-Estatus berria berresteko erreferenduma egitea