Prentsa Aretoa
2016/05/05
EAJ-PNVk eta EH Bilduk Hasier Arraiz babestu dute
Joseba Egibar eta Peio Urizar bi alderdietako ordezkariek Hasier Arraiz Sortuko presidentearen eta EH Bildu legebiltzarkidearen aldeko adierazpena irakurri dute Legebiltzarrean; izan ere, maiatzaren 9an haren aurkako epaiketa hasiko da ustezko ETAko kidea izatea leporatuta. “Desadostasun politikoak, beti zilegiak, alde batera utzita, berak bake eta bizikidetza demokratikoaren alde egin eta egiten duen lana ezagutzen dugu, eta hala aitortu nahi dugu publikoki”.
"Eusko Legebiltzarrean kide dugun Hasier Arraiz epaituko dute datorren astelehenean, talde armatuko kide izatea egotzita. Hori dela eta, sei urteko kartzela zigorra eta kargu publikoak betetzeko inhabilitazioa ezar dakioke. Hasier atxilotu eta kartzelaratu zuten 2007an, astelehenean epaituko den jardun politikoaren ondorioz. Bi urte eta erdi eman zituen prebentziozko espetxealdian, baina epaiketa orain iristen da, 2016ko maiatzean, bederatzi urte pasa eta gero. Atzerapen horrek, berez, herritar orori dagozkion oinarrizko eskubideak urratzen ditu, eta hala salatu behar dugu.
Hasierren auzi berean, 04/08 auzian, alegia, auzipeturik egon ziren beste lagun guztiak epaitu zituen jada Auzitegi Nazionalak duela hilabete batzuk. Gehienez, bi urteko espetxe zigorra eta kargu publikorako inhabilitazioa ezarri zien, auzipetuak akordio batera iritsi baitziren Fiskaltzarekin eta akusazio partikularrekin. Hasier ere prest agertu da publikoki akordio bera onartzeko, bere kideek egin zuten bezala, baina irtenbide hori ezinezkoa izan da, bera foruduna izanik, Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiak epaitu behar duelako eta akusazio partikular batek horixe baliatu duelako hasierako akordioa apurtzeko.
Ez da gure asmoa inongo erakunde judiziala presionatzea, baina bai adierazi nahi dugula Hasier ulertezina iruditzen zaigun babesgabetasun egoera arraro eta anormal batean dagoela. Foruduna izatea, argi dago, ezin da pribilegio izan auzipetuarentzat, baina kalte ere ez dio ekarri behar, eta kasu honetan bistan da hala gertatzen ari dela.
Legebiltzar honetan Hasierren kide garen heinean, gure izenean eta ordezkatzen ditugun alderdien izenean, babesa eta elkartasuna adierazi nahi diogu astelehenean hasiko den epaiketaren aurrean. Hasierrekiko desadostasun politikoak, beti zilegiak, alde batera utzita, berak bake eta bizikidetza demokratikoaren alde egin eta egiten duen lana ezagutzen dugu, eta hala aitortu nahi dugu publikoki. Demokraziaren alde eta indarkeria mota guztien aurka Hasierrek zalantzarik gabeko konpromisoa duela ere jakin badakigu, behin baino gehiagotan adierazi baitu, bai Legebiltzar honetan bertan, bai kanpoan. Halaber, biktima guztiei, salbuespenik gabe, dien begirune eta aitortzaren lekukotza eman dezakegu. Hori guztia dakigulako, Hasier bera ezagutzen dugulako finean, uste dugu Hasier Arraiz solaskide baliogarria eta beharrezkoa dela Euskal Herrian aro politiko berria sendotzeko.
Azkenik, gogoeta egiteko deia egin nahi dugu Euskal Herrian erritmo judizialak bateragarriak izan daitezen erritmo politikoekin, guztion artean behar diren erabakiak hartzeko gauza izan gaitezen aro politiko berria pertsona guztiengana iristeko eta hainbeste urtetan faltan izan ditugun bakea eta bizikidetza demokratikoa sendotzeko".
Bideo erlazionatuak...
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15