Prentsa Aretoa

2016/05/05

EAJ-PNVk EH Bilduren demagogia eta zorroztasun falta salatu ditu, aurkeztu duen Pentsioen Legeak Euskadiko eskumenak gainditzen dituelako eta segurtasun finantzariorik eta juridikorik ez duelako

Josune Gorospe legebiltzarkideak koalizioari gogoratu dio Eusko Jaurlaritzak urteak daramatzala jubilazio-pentsioak osatzen, Dirusarrerak Bermatzeko Errentaren bidez. Gorospek Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoaren transferentzia eskatu dio Madrili, pentsioen etorkizuna bermatze aldera.

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk EH Bilduren demagogia eta zorroztasun falta salatu ditu, aurkeztu duen Pentsioen Legeak Euskadiko eskumenak gainditzen dituelako eta segurtasun finantzariorik eta juridikorik ez duelako

ARGAZKIA JAITSI

  • Gorospek pentsio-sistema propio baterantz aurrera egitea defendatu du
    2016/05/05

    ARTXIBOA JAITSI

EAJ-PNVren legebiltzar-taldearen iritziz, EH Bilduk aurkeztutako ekimena –Euskadiko jubilazio-pentsio baxuenak osatzekoa- propaganda-helburuz baino ez da jaio, eta ez du funts politikorik, juridikorik, ezta finantzariorik ere. “EH Bildu ez da ardura politikoz aritu. Zorroztasunik gabeko Lege Proposamena ekarri digu Legebiltzarrera. Ez da jasangarria aurrekontu-nahikotasunaren ikuspegitik, ezta beharrezko segurtasun juridikoaren ikuspegitik ere. Gure eskumenak gainditzen ditu”, adierazi du Josune Gorospe legebiltzarkideak. EAJ-PNVk uste du pentsioena bezalako eztabaida sakonak “talde politiko guztiei eskatzen diela elkarrizketan eta negoziaketan oinarrituta egitea egitea, eta ez populismoan eta arinkerian oinarrituta, kasu honetan bezala”.

Josune Gorospek pentsio-sistema propio baterantz aurrera egitea defendatu du, iraunkor egite aldera. Horretarako, Espainiako Gobernuari berriro ere eskatu dio Gernikako Estatutua betetzea eta Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa transferitzea. “Transferentzia horrek ahalbidetuko luke Euskadik gizarte babeserako osoko sistema izatea, pertsonen egungo beharrei erantzungo diena eta etorkizunari aurre egingo diona bideragarritasun sozial eta ekonomikoa bermatuta”. Transferentzia heltzen ez den bitartean, Gorospek EH Bilduri gogoratu dio Eusko Jaurlaritzak 2008tik hona jubilazio-pentsio baxuenak osatzen dituela Dirusarrerak Bermatzeko sistemaren bidez. “20.000 pentsiodunek baino gehiagok laguntza hauek jasotzen jarraituko dute, elkartasuneko, ekitateko eta justizia sozialeko printzipioetan oinarrituta. EH Bilduk printzipio horiek hautsi nahi ditu proposamen hau aurkeztuta; izan ere, ez ditu konpentsaziotik kanpo uzten pentsio baxuak izan arren ondare edo bestelako dirusarrera oso altuak dituzten pertsonak”.

Talde jeltzaleak nabarmendu du gizarte babeserako euskal sistemak ez duela parekorik Estatuan, besteak beste, euskal gizartea ahalegin berezia egiten ari delako gizarte kohesioa lortzeko, eta horrek ahalbidetzen duela babes-sistema hori. Gizarte politika horiek talka egiten dute PPk eta PSOEk Madrilen bultzatu dutenarekin. Josune Gorospek salatu egin du pentsioek jasandako erosteko ahalmen-galera, Espainiako Gobernuak inposatutako murrizketa eta lege-erreformen ondorioz. “Pentsioen eztabaida aldendu egin behar da PPren beldurraren diskurtsoetatik eta EH Bilduren demagogiatik”, adierazi du ordezkari jeltzaleak.

EAJ-PNVk lege proposamen hau aintzat hartzearen aurka bozkatu du, eta ez du Euskal Ganberan inongo babesik lortu. Lege proposamena bertan behera geratu da eta ez da eztabaidatuko.