Prentsa Aretoa

2016/04/04

Latxaga: “Larrialdiak Kudeatzeko legearen inguruan emandako babes zabala onuragarria izango da euskal gizartearentzat”

Legebiltzarreko Instituzioen eta Segurtasun batzordeak Larrialdiak kudeatzeko lege berriaren txostena babestu du; eta, behin betiko onartuko dute apirileko ohiko osoko bilkura batean.

rss Ezagutzera eman
Latxaga: “Larrialdiak Kudeatzeko legearen inguruan emandako babes zabala onuragarria izango da euskal gizartearentzat”

ARGAZKIA JAITSI

David Latxaga EAJ-PNVko legebiltzarkideak adierazi du Larrialdiak Kudeatzeko legean emandako babes zabala onuragarria izango dela euskal gizarte osoarentzat; izan ere, “legearen testua hobetu egin dute Legebiltzarreko taldeen borondateari eta ekarpenei esker. Guztiok akordioa egin dugu eta horrek legea aberastuko du. Lan handia eta gero, babes zabala lortu dugu”.

Ildo horretan, legebiltzarkide jeltzaleak gogoratu du araudiak talde ororen ekarpenak bere gain hartu dituela. Halaber, nabarmendu du adostutako testuak larrialdien eta babes zibilaren euskal sistema osoa gaurkotuko dituela ikuspuntu integrala emanez. “Legeak izan behar duen aurreikuspen eta erantzun egokia eskainiko du”, esan du.

Hitzartutako testuak eguneratu egiten du larrialdien eta babes zibilaren euskal sistema osoa, eta osoko ikuspegia ematen dio. Horrek ahalbidetuko du larrialdiek izan beharreko aurreikuspen eta erantzun egokia eskaintzea. Langileen formakuntza indartzen da eta egungo legeen hainbat hutsune betetzen dira. “Geneukan araua 1996koa zen. Ordutik igaro diren 20 urteotan, aurrerapen asko egon dira, larrialdien kudeaketa hobea ahalbidetzen dutenak”. Arau berriak aurrerabide horiek jasotzen ditu, eta aurrera jotzen du erakundeek horrelako arrisku-egoeran eman dezaketen erantzunean. Ondorioz, sendotu egiten ditu larrialdietarako aurreikuspen- eta prebentzio-mekanismoak, alerta-sarea arautzen du eta zerbitzu meteorologikoak babes zibilarekin lotzen ditu. Gainera, enpresen autobabeserako betebeharrak jasotzen ditu, eta baita Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Guneen funtzioak eguneratu ere. David Latxagak nabarmendu egin du larrialdi-deiak eta –gertaerak artatzeko eta kudeatzeko gune horiek egiten duten lan eskerga. “Zerbitzu hau klabea da larrialdietarako sistema publikoaren baitan. 112 telefonoak, 2015ean, ia milioi bat dei eta 200.000 gertakari jaso zituen. Legeak aitortu egingo du ezinbesteko lan hori”. Horrela, sariak ematea aurreikusten da, bai larrialdietan parte hartzen duten langileentzat bai horrelako egoeretan laguntzen duten herritarrentzat. Larrialdi-operatiboak koordinatzen lan egiten dutenen autoritatea indartze aldera, autoritate-agente izaera hartuko dute.

Erreformak isun-erregimena ere badauka, 600.000 eurotara iritsi daitezkeen isunak jasota. “Zigortu egingo dira 112 telefonoa gaizki erabiltzen diren jarrerak. Larrialdi-abisu faltsuek, babes zibileko baliabideak mugiaraztea baldin badakarte, falta oso larritzat joko da”, ohartarazi du Latxagak.

Taldeen arteko negoziaketen ondorioz, testuak hainbat berritasun jasotzen ditu. Adibidez, “antolakuntza-egitura publiko profesionala egotea”, berak egin ditzan Eusko Jaurlaritzari eta babes zibilerako, larrialdi arruntetarako eta hainbat biktimadun gertaeretarako egoeretan interbentzioa koordinatzeko eta babesteko eskumena duen Departamentuari dagozkion lanak. Halaber, bolondresen elkarteek osatutako zerbitzu profesionalentzako babes-sareak sustatzeko neurriak aurreikusten dira. Partaideek, Latxagak adierazi duenez, “elkarlanean jardungo dira larrialdi-arretarako lanetan, baina ez dituzte zerbitzu profesionalak ordezkatuko, eta aurretiaz ezarritako gutxieneko formakuntza izan beharko dute”. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia –Arkaute- izango da larrialdien arretarako eta babes zibilerako euskal sistema osatzen duten guztien formakuntza eta prestakuntza gunea.

Batzordean txostena behin onartuta, legea bera hurrengo Legebiltzarreko Ohiko Osoko Bilkuran onartuko da, ziurrenik, apirilean.