Prentsa Aretoa

2015/11/10

EAJ-PNVk aniztasuneko memoria eratzeko garrantzia aldarrikatu egin du iraganeko izuak berriro ez errepikatzeko

Iñigo Urkullu lehendakariak, Jaurlaritzaren sailburuek, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak eta EAJ-PNVko legebiltzarkideek hartu dute parte Eusko Legebiltzarrak antolatu duen Memoriaren Eguna ospatzeko ekitaldian.

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk aniztasuneko memoria eratzeko garrantzia aldarrikatu egin du iraganeko izuak berriro ez errepikatzeko

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVk Memoriaren Eguna ospatu du bizi izandako mina gogoratzeko, biktima oro kontuan hartzeko eta iraganeko izuak berriro ez errepikatzeko. Iñigo Iturratek EAJko ordezkariak adierazi duenez, “memoriaren indarra izango da gizarte honetan hain traumatikoak diren gertakizunak berriro ez errepikatzea. Gogoratu egin behar da iraganeko minak ekiditeko”. Baina memoria horrek, ordezkari jeltzalearen ustez, “gutxieneko izendatzaile komuna izan behar du, muga bat:   indarkeria ez justifikatzea. Hori izango da gure muga. Idei politiko batek, ezta egoera baten arrazoiak ere, ezin dute indarkeria legitimotzat hartzeko balio izan. Ez dago ezer pertsona ororen giza eskubideetako defentsaren gainetik”.

EAJ-PNVk biktima guztien duintasuna aldarrikatu du memoria eraikitzeko prozesuan. “Kontaketa hori eraikitzea ez da batere erraza. Biktimak askotarikoak dira, baita kontaketak ere. Guztion ardura da autokritika egitea; baina, era berean, ezin diogu besteari eskatu guk geuk bete ezin duguna. Ezker Abertzaleak onartu egin behar du ETAren hilketak gaizki egon zirela. Halaber, Estatuko beste arduradun batzuek torturaren ardura bere gain hartu behar dute, hau da, poliziaren indarkeriaren gehiegikeria ere gaizki egon zela onartzea.  Guztiok hausnarketa egin behar dugu eta ondorioa izan behar da hil egitea, estortsioak, bahiketak edo torturatzea gaizki egon zirela”, adierazi du Iñigo Iturratek.

Euzko Abertzaleak legebiltzar-taldeak onartu du alderdien arteko egungo desadostasunak nabarmenak direla. “Gaur bertan, adibidez, alderdi popularreko ordezkariak, ezta Gorka Maneiro UPyDkoa ere, ez dira Legebiltzarreko ekitaldian egon”, gaineratu du Iturratek. Bere berbetan, desadostasun horiek eta minaren nabardurak alboratu behar dira guztion artean memoria egiteko. Memoria etorkizunean bizikidetza eraikitzeko, iraganeko indarkeria erabat baztertzeko. 

EAJ-PNVko legebiltzarkideek Eusko Legebiltzarrak antolatutako ekitaldian hartu dute parte biktima guztiak oroitzeko. Ekitaldi hori Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak gidatu du, eta, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzaren sailburu guztiak ere egon dira. Legebiltzarreko presidenteak adierazpen bat irakurri du “biktima guztiei gure konpromisoa egia, justizia eta euren errekonozimenduarekiko helarazteko. Esan nahi diegu ez dugula ahaztu eta ez dugula ahaztuko, memoria delako antidotorik onena etorkizunean berriro indarkeria eta terrorismoa ez errepikatzeko”.

Legebiltzarreko kanpoaldean, biktimak oroitzen duen eskulturaren ondoan, lore eskaintza bat egin dute eta isiluneko minutu batzuk izan dira. Azkenik, ekitaldiari amaiera emateko “Agur Jaunak” kanta entzun da.