Prentsa Aretoa

2015/10/08

EAJ-PNVk espainiar gobernuari eskatzen dio asilo politikoa eman diezaiola Hassanna Aalia Saharako aktibistari

Jone Berriozabal legebiltzarkide jeltzaleak, Bakea eta “Askatasuna Mendebaldeko Saharan” taldearteko gainontzeko kideekin batera, aktibista gaztearekin elkartu da, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean. Talde guztiek nazioarteko babesa eskatu dute Aaliarentzat.

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk espainiar gobernuari eskatzen dio asilo politikoa eman diezaiola Hassanna Aalia Saharako aktibistari

ARGAZKIA JAITSI

26 urteko Hassanna Aaliari bizi arteko espetxe zigorra ezarri zion Marokoko Auzitegi Militar batek, 2010ean Aaiunetik gertu izandako protesta-kanpaldi baketsu batean parte hartu ondoren. Marokok Aalia bilatzeko agindua emanda, asiloa eskatu zuen Bilbon, bertan baitzegoen, giza eskubideen inguruko ikastaro batean parte hartzen. Espainiar Ministerioak eskariari uko egin zion, eta gazteak Auzitegi Nazionalean errekurritu zuen erabaki hori. Asteartean Burgosen atxilotu zuten. Dagoeneko, Aalia aske dago, eta kanporatze-agindua dauka. Erabaki hori, une honetan, Auzitegi Nazionalak geldiarazita dago. Hassanna Aalia Eusko Legebiltzarrera bertaratu da gaur, “Bakea eta Askatasuna Mendebaldeko Saharan” taldeartekoarekin elkartzeko. Taldeartekoak, aho batez onartutako adierazpenean, asilo politikoa eskatu du.

Jone Berriozabal legebiltzarkide jeltzaleak Barne Ministerioari eskatu dio aitortu dezala Hassanna Aaliaren aldeko nazioarteko babeserako eskubidea. Bere herrira itzuliz gero, azaldu du Berriozabalek, “gogor zigortuko dute agintari okupatzaileek, eta ez da espetxetik berriro irtengo bizi osoan”. EAJ-PNVren legebiltzar-taldeak defendatu egiten du gazte horren borroka baketsua saharar herriaren autodeterminazio-eskubidearen alde, eta giza eskubide guztien babesa eskatzen du. EAJk berretsi egiten du bere konpromisoa sahararren askatasuna lortze aldera egindako ekimen guztiekiko.

Eusko Legebiltzarrean Aaliarekin izandako topaketan, ordezkari jeltzaleak bere kezka adierazi du, Mendebaldeko Saharan giza eskubideak urratzearen inguruan. Berriozabalek Marokoko Gobernuari eskatu dio “bertan behera utz dezala herri horrekiko errepresioa, eta askatu ditzala saharar preso politiko guztiak”.