Prentsa Aretoa
2015/04/30
Egibarrek heldutasun politikoa eskatu dio ezker abertzaleari, bere beharrak eta gizartearenak nahasten dituelako
Joseba Egibar GBBko presidente eta EAJren Legebiltzarreko bozeramaileak erantzun du EAJk erabakitzeko eskubidea eta eskubide hori gauzatzea defendatzen dituela.
GBBko presidente eta EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, Joseba Egibarrek, gogor erantzun dio Sortuko presidenteari, Hasier Arraizi, autogobernuari buruz Legebiltzarrean egin duten eztabaidan. Ezker abertzaleari “heldutasun politikoa” exijitu dio, argi baitauka hauteskundeak gertu daudelako eraman duela EH Bilduk gaurko eztabaida Legebiltzarrera, alegia, EAJ-PNV eragozteko helburua zeukatela. “Nahastu egin dituzte 40 urtez bultzatutako estrategia ankerrak sortu dizkien beharrak eta gizartearen urgentziak. Ez dute behar den maila ematen”, ondorioztatu du.
Bozeramaile jeltzaleak ziurtatu du eztabaida honen inguruan bere alderdiak “ez duela ezer ere argitu behar”, eta gogoratu du EAJ-PNVren iritzia oso ondo jasotzen duela alderdiko programak. Zehaztu du 255-261 orrialdeetan Herri honen erabakitzeko eskubidea eta eskubide hori gauzatzea defendatzen direla. EAJ-PNVk ez bezala, esan du ezker abertzaleak ezin duela halako baieztapenik egin. “Orain prozesua azkartu nahian dabiltza, baina azken hamarkadetan, ez dute Herri honen eraikuntzaren aldeko ekarpen bat bera ere egin”, salatu du. “Ez duzue pentsatuko nazio honen eraikuntza hasi zela zuek bide demokratikoen aldeko apustua egin zenuenean, ezta?”, galdetu die EH Bildukoei.
Egibarrek nabarmendu du ezker abertzalea ez zela behar zen lekuan egon Eusko Legebiltzarrak Estatutu Politiko Berriaren proposamena onartu zuenean. Gogoratu du hiru legebiltzarkidek aldeko botoa eman zutela (Arnaldo Otegik, Joseba Permachek, Jon Salaberriak); beste hiruk aurka egin zutela (Jone Goirizelaiak, Joseba Alvarezek eta Raquel Peñak); eta zazpigarrenak, Josu Urrutikoetxeak, ETAren zuzendari izatera iritsi zenak, ez zuen bozik eman alde egina zegoelako. “Bozketa horren emaitza 0 da. Eta berdin gertatu zen Galdeketa Legea bozkatu zenean, ezker abertzaleko legebiltzarkide batek bakarrik babestu zuelako”, azaldu du. “Behar zenean ez zuten ekarpen bat bera ere egin, aurkako osoko emendakina izan ezik, eta, orain, hainbeste denbora igaro ondoren, lezioak ematera datoz”, kritikatu du.
EAJ-PNVren bozeramaileak “seriotasuna eta zintzotasuna” eskatu dizkio ezker abertzaleari, eta gogora ekarri du “Herri bat eraikitzeko beharrezkoa dela Herri hori maitatu eta errespetatzea”.
Eztabaidan, EAJ-PNVren testuko bi puntu onartu dira. Lehenengoak dio Euskal Herriak subjektu politikoa osatzen duela, eta etorkizunaz erabakitzeko, kontsultatua izateko eta bere iritzia errespetatua izateko eskubidea daukala. Bigarrenak, dio gatazkak konpontzeko metodoa elkarrizketan, negoziazioan, indar politikoen arteko akordio zabaletan edo, hori lortu ezin bada, libre eta demokratikoki adierazitako gehiengoaren iritziaren errespetuan oinarritzen dela.
Testuak bazuen hirugarren puntu bat, baina ez da onartua izan EH Bildu ez delako gai izan onartzeko erabakitzeko eskubide guztiek ekartzen dutela eztabaidatzeko beharra. Egibarrek ezker abertzaleari egotzi dio aldebakartasunaren alde egitea, orain gutxi arte, Espainiako Gobernua eta ETAren arteko aldebikotasuna defendatzen zuenean”.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15