Prentsa Aretoa
2015/02/17
EAJk Arabako Fiskaltzaren erabakia errespetatzen du eta oposizioari eskatzen dio Hiriko ez dezala erabili etekin politikoak ateratzeko
Luis Javier Telleria legeiltzarkide jeltzaleak jakinarazi du bere alderdiak proiektua babestu zuela, “baina ez ziola diru laguntzarik eman”.
-
EAJk Arabako Fiskaltzaren erabakia errespetatzen du eta Hiriko ez dezala erabili etekin politikoak ateratzeko eskatzen dio oposizioari 2015/02/17
Arabako Fiskaltzak Hiriko proiektua sustatu zuten enpresarien aurkako kereila kriminala jarri duela ezagutu ondoren, Luis Javier Telleria legebiltzarkide jeltzaleak adierazi du errespetatzen duela fiskaltzaren erabakia, nahiz eta deigarria egiten zaion erabakia maiatzeko hauteskunderako hiru hilabete falta direnean ailegatzea. Jakin badakielako tamaina honetako erabakiek oihartzun mediatiko eta politiko handia izaten dutela. Hori dela eta, arduraz jokatzeko eskatu die oposizioko taldeei; alegia, ez dezatela gai hau etekin politikoak lortzeko erabili.
Gai hau argituta, Hirikoren porrota EAJ-PNVri egotzi nahi dietenei erantzun die jeltzaleak. Jakinarazi die bere alderdiak ez ziola diru laguntza bat bera ere eman proiektu honi, zeregin hori Alderdi Sozialistari zegokiolako Gasteiz eta Madrilgo Gobernuak bere kargu zituelako. Telleriak argi utzi du bere alderdiak hasieratik babestu zuela Hiriko, eta horregatik txertatu zuela proiektu hau Estatuaren aurrekontuen negoziaketan, Espainiatik diru laguntzak lortzeko helburuarekin. “Hortaz, EAJ-PNVk babestu zuen proiektua eta finantziazioa lortzen ahalegindu zen, baina PSOE eta PSE izan ziren laguntzak eman zituztenak eta haiei zegokien dirua behar bezala erabiltzen zela frogatzea”, azpimarratu du.
Hiriko proiektua aztertzeko Eusko Legebiltzarrean sortu zuten ikerketa batzordeari buruz ere mintzatu da Telleria. Azaldu duenez, batzordeak egindako txostenak ez zituen ardura politikoak finkatu, baina ondorioztatu zuen Patxi Lopezen Gobernuak ez zuela nahikoa ikuspegi estrategikorik izan, ez baitzuen arriskurik ikusi Hiriko proiektua homologatzeko beharrean. Telleriak nabarmendu du EAJ-PNV izan zela Carmelo Barrio legebiltzarkide popularrak egin zuen txosten horren aurka bozkatu zuen alderdi bakarra.
Euzko Abertzaleak legebiltzar taldeko ordezkariak ondorioztatu du Hirikok aurreikusitako helburu guztiak lortu ez arren, -I+D+i ekimen askotan gertatzen den bezala-, proiektu honi esker patente eta emaitza ugari lortu direla, eta Euskadiko zenbait enpresa emaitza eta patente horiek lantzen ari direla. Hori dela eta, erakundeei tankera honetako proiektuak babesten jarraitzeko eskatu die.
Gainerako alderdiei eskatu die hori bera egin dezatela, eta ez dezatela ezkutatu bere garaian Hirikori emandako babesa. Izan ere, hortxe daude hemerotekak eta oso erraza da PPko Maroto eta De Andres buruzagien argazkiak errekuperatzea, zeinetan ikus daitekeen nola ematen dioten Hirikoren berri, ohore handiarekin, gainera, Europar Batasuneko presidenteari, Durao Barrosori. Gogoratu du, 2012ko otsailean Jesús Caldera sozialistak Hirikorentzat babesa eskatu zuela Kongresuan.
Amaitzeko, EAJko legebiltzarkideak deitoratu du Arabako Fiskaltzak Hiriko proiektuaren inguruan hartu duen beste erabakiak ez duela apenas oihartzunik izan. Hau da, fiskalak artxibatu egin duela EH Bilduk Afypaidaren aurka jarritako salaketa. Koalizioak Afypaidari egotzi zion ibilgailu elektrikoa sortzeko erregistratutako hiru patenteengatik ez ordaintzea. Telleriak gogoratu du EH Bilduk Arantza Tapiaren eta bere sailaren kontrako kanpaina abiatu zuela, patenteak ez ordaintzea beren ardura zela leporatuta. “Demanda artxibatzeak erakutsi du EH Bilduren akusazioa ez zela zentzuzkoa. Beste behin ere, Bilduk huts egin du dena epaitegietara eramateko estrategian. EAJren aurka egitea da bere helburu bakarra”, amaitu du.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15