Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2014/11/09

EAJ-PNV: “Gaurkoa egun garrantzitsua da Kataluniako herritarrek demokrazia berreskuratu eta defendatu dutelako”

EAJ-ren ordezkaritza bat Bartzelonan da kataluniarrei babesa eta solidaritatea adierazteko.

rss Ezagutzera eman

Katalunian den EAJ-PNVren ordezkaritzak agerraldia egin du gaur, EH Bildurekin batera, Bartzelonako Borne Merkatuan, Kataluniako herriari babesa eta solidaritatea agertzeko. "Gaurkoa egun garrantzitsua da Kataluniako herritarrek demokrazia berreskuratu eta defendatu dutelako", adierazi du Eusko Legebiltzarreko ordezkari jeltzale eta GBBko presidente den Joseba Egibarrek. "Espainiako Gobernuaren ukazio eta debekuaren aurrean, Kataluniako gizarteak parte hartzearekin erantzun du. Hori demokrazia berreskuratzeko ariketa erreala eta eraginkorra da", jakinarazi du Bartzelonako hauteslekoetan batu den jende andana ikusi ondoren.

"Bere burua demokratikotzat daukan nork esan dezake herritarrei galdeketa egitea legez lanpokoa dela?", galdetu du Egibarrek Generalitatea izaten ari den jarrera eta Kataluniako hautesleak ematen ari diren erantzuna nabarmentzeko.

Gaurko hitzorduaren arrakasta erabakitzeko eskubidean sinesten duten alderdien batasunean datzala esan du burukide jeltzaleak. "Batasuna, determinazioa eta pazientzia-demokratikoa izan dira arrakastaren giltza", ondorioztatu du.

EAJ-PNVren ordezkaritza Joseba Egibarrek, Joseba Aurrekoetxeak eta Iñaki Goikoetxetak osatu dute eta eurekin izan da CIUren Nazioarteko Alorretako arduraduna, Víctor Terradellas.