Prentsa Aretoa
2014/06/10
Itxaso Atutxa: “‘Gure Esku Dago‘ ekimenaren indarrak bere isla beharko du Eusko Legebiltzarreko lege eta ekimenetan"
Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak "arrakastatsu" jo du igandean erabakitzeko eskubidearen alde ‘Gure Esku Dago‘ izenarekin egin zen giza katean 150.000 pertsonek parte hartu izana, eta argi eta garbi adierazi du EAJ-PNVk eskari horri jarraipena emateko asmoa duela estatus juridiko-politiko berria lortzera begira Eusko Legebiltzarrean abian jarri den autogobernu ponentzia barruan. "Ponentzia da Euskadiren etorkizuna eztabaidatzeko gune instituzionala. Igandekoa herri ekimena izan zen, indartsua, baina isla eta bultzada beharko du Eusko Legebiltzarrean garatu beharko diren lege eta ekimenetan. Herri honetako gehiengo handi batek erabakitzeko eskubidea eskatu du, erabakitzeko subjektu izan nahi du eta hori zer pentsatua eman behar die alderdi politikoei; ez giza katea antolatzeko,baizik eta gehiengoaren nahi eta borondate honi euskarri juridikoa emateko. Eta gure borondatea da ponentziaren barruan hori lortzeko lana egitea, hori bai, ahal den adostasun mailarik zabalena lortzeko helburuarekin”, ezarri du Atutxak .
ETB-1 eta ETB-2 telebista kateei eskainitako elkarrizketetan, Atutxak esan du Gure Esku Dago ekimenaren arrakasta ez zela izan " jende asko biltzeagatik soilik", baizik eta baita "belaunaldi ezberdinen artean eta jai giroan egin zen ekitaldia izan zelako eta sentsibilitate ezberdinak batu zituelako . Ona ere bada, alderdietatik harago, gizarteak antolatzeko eta ekimenak martxan jartzeko gaitasuna duela erakustea, gizarte bizia dela erakusten duelako". Giza katean parte hartu duelako Popular eta sozialistek EAJ-PNVren kontra esan dituzten kritikez galdetu diotenean Atutxak argi hitz egin nahi izan du " EAJren apustua argia da eta 118 urte daramatzagu horrekin. Guk ez dugu inoren eskutik joan behar gure herriaren etorkizunaren aldeko bokazio eta ikuskera erakusteko. Eusko Legebiltzarrean ere estatus berria lortzeko bidean sentsibilitate guztiak bateratu nahi ditugun moduan, ez dugu inolako arazorik erabakitzeko eskubidearen alde eskua emateko. EAJk ez ditu aldatu ez bere irizpidea ezta bere estrategia ere ez. Guk gure bidetik jarraitzen dugu. Eskua eman diezaiokegu elkarri Gure Esku Dago ekimenean, eta autogobernuaren ponentziaren barruan jarrai dezakegu lanean, eta Quiroga andreak bere kritikekin erakusten duena baino jarrera askoz ere baikorragoarekin" .
Atutxari galdetu diote Carlos Urquijo Espainiar Gobernuaren ordezkariak Gure Esku Dago ekimenaren kontra egin dituen kritikez. "150.000 pertsona bakean elkartu eta manifestatu direnean balorazio negatiboa egitea... Uste dut horrelako egintza batek errespetu handiagoa merezi duela Espainiar Gobernua ordezkatzen duenaren aldetik. Zoritxarrez, Urquijok ez du sinesten eta ez dio axola herri honen gehiengoak sinesten duenak eta oso argi dauka Euskadiren etorkizuna Espainia handi eta askearen barruan dagoela" .
BBBko presidente andreak Juan Carlos I.aren abdikazioaren iragarpenaren ondoren Espainian errepublika eta monarkiaren artean ireki den debatea baloratu du " Debatea apurka-apurka isildu da alderdi handiek ez dutelako eztabaida horretan sartu nahi. Espainiako alderdi handiak ez daude beren Estatu ereduak behar duen erreforma handiari ekiteko edo erantzuna eman behar zaien errealitate nazionalak ikusteko prest”. Gai honetan gehien harritu duen gertakaria azaltzea eskatu diotenean Atutxak zera erantzun du " Harritu izan nauena izan da aste bete daramagula militarrez jantzita ( Juan Carlos I.a eta Felipe Borbon) ikusten. Izan daiteke ospakizun militarrak izan direlako, baina harritu egin nau" .
Atutxak era berean konfirmatu du EAJ eta PSE-EE alderdien artean hasiera bateko akordioa dagoela BBK banku fundazio bilakatzeko. Lortu zen akordioaren bidez, Gizarte Ekintza blindatuko da eta fundazioak gizartean dituen erroak mantentzea eta fundazioaren eta Kutxabanken kontrola Euskadin geratzea bermatuko da, fundazioa Kutxabanken akziodun nagusia izango delarik. “BBKren inguruan PSErekin hasierako akordio bat dago eta PPk Vital Kutxari buruz mantentzen duen jarrera ezagutzeko zain gaude, baina uste dut hiru alderdien arteko akordioa lortu ahalko dugula".
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15