Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2014/03/20

“Ezker abertzaleak erantzun behar du ea ETAk eragindako indarkeria justifikatua dagoen ala ez”

Joseba Egibar EAJko legebiltzar taldeko bozeramaileak egungo espetxe politikaren ardura Espainiako gobernu ezberdinena izan dela nabarmendu du, “inondik inora EAJrena”.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

GBBko presidente eta EAJren legebiltar-taldeko bozeramaileak, Joseba Egibarrek, atzo EH Bilduko legebiltzarkide den Julen Arzuagak egindako adierazpenei erantzun die. Arzuagak EAJri eskatu zion onar zezala espetxe politikak eragindako min justifikaezina. “EAJk ez du inoiz presoen oinarrizko eskubideen murrizketarik aurreikusten duen espetxe-estrategiarik diseinatu, babestu ezta mantendu ere”, azaldu du. Zentzu horretan, gogoratu du EAJk dispertsioa eta urrutiratzeen aurka urteetan hainbat eta hainbat erabaki babestu dituela, eta horren lekuko zuzena dela Legebiltzarra. Horietan guztietan, presoak euren familiengandik gertu dauden espetxeetara hurbiltzea eskatu da.

Egibarrek azaldu duenez, “EH Bildu jakitun da EAJ dispertsoa eta egungo espetxe-politikaren aurka egon dela, dagoela eta izango dela, justifikaezina eta legez kontrakoa den mina sortzen duelako”. Eta nabarmendu du espetxe-estrategiak sortutako ondorioak ez direla, inondik inora, EAJrenak, baizik eta Espainiako gobernuenak. Zehazki, erreferentzia egin dio 2000. urtean PSOEk eta PPk sinatu zuten Terrorismoaren Aurkako Akordioari. Bertan, espetxe-politika erakunde terroristen aurkako estrategia gisa diseinatu zen. Burukide jeltzaleak, beste behin ere, hanka sartu izana egotzi dio  EH Bilduri, “bere gabeziak EAJri eraso eginez” konpondu nahi izateagatik.

Hori argituta, galdera zuzena luzatu dio koalizioari: “Dispertsioa eta urrutiratzeak justifikagaitza den mina sortu dela esaten duen bezala, uste al du EH Bilduk ETAk hainbeste urtetan eragindako indarkeria justifikatua eta ondo egina zegoela? Ondo ala gaizki egin du erakundeak?”

Datorren astean Legebiltzarrean eratuko den Autogobernuari buruzko Ponentziari buruz galdetuta, bere alderdiaren helburua ahalik eta adostasun handiena lortzea dela zehaztu du. Baina gogoratu du, akordioak lortu ezean, gehiengo demokratikoek egingo dutela aurrera Ganberan, 75etik 48 legebiltzarkide erabakitzeko eskubidearen alde dauden gunea.

EH Bilduk EAJ-ri alor honetan noraezean dabilela egotzi diola jakin ostean, Legebiltzarreko bozeramaileak gogoratu du bere alderdiak sendo egiten duela Euskal Herriaren borondate politikoaren eguneratzearen eta erabakizteko eskubidearen alde, hauteskunde programako 255. eta 261. orrialdetan jasota dagoen bezala.

Egibarrek gainerako aldediei, bereziki EHBilduri, eskatu die mahai gainean jar ditzatela gai honen inguruan dituzten proposamenak. Argeleko negoziazioak adibide gisa jarrita, ziurtatu du “ETAk eta Estatuak negoziazioak hasten zituztenean, ezker abertzaleak, bere osotasunean, ETAren estrategia politiko-militarraren barruan kokatu duela bere burua”. “Orain, ETAk argia itzali du eta ezker abertzalea ilunpean gelditu da, ez daki zein diren bere posizio politikoak. Proposamenak egiteko momentua da”, amaitu du.