Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2014/02/20

“Autogobernu ponentzia abiapuntua da, gure herriaren borondate politikoa eguneratzeko”

Joseba Egibar EAJren Legebiltzarreko bozeramaileak adierazi du eztabaidari berriro heltzeko “unea hau dela, eta horren beharra dagoela”.

rss Ezagutzera eman
“Autogobernu ponentzia abiapuntua da, gure herriaren borondate politikoa eguneratzeko”

ARGAZKIA JAITSI

Legebiltzarrak Autogobernu Ponentzia sortzea erabaki du. Joseba Egibarrek, GBBren presidenteak eta EAJren Legebiltzarreko bozeramaileak, azaldu du hori dela “abiapuntua gure Herriaren borondate politikoa eguneratzeko”. Azaldu duenez, “hau da unea, eta beharra dago” eztabaida horri heltzeko eta Gernikako Estatutua eguneratzeari ekiteko. Izan ere, “ariketa honek balio izango digu jakiteko zeintzuk diren behar ditugun erreminta politikoak, ekonomikoak eta sozialak, etorkizunerako Herri gisa ditugun erronkei aurre egiteko”.

“Gernikako Estatutua diseinatzeko izan ziren helburuak ikustea, eta gaur arte izan duen garapen-maila ikustea, aski dira ohartzeko Herri gisa dugun borondate politikoa eguneratu beharra dagoela”, adierazi du. Zentzu horretan, gogoratu du Autonomia Estatutua 1979an diseinatu zela, eta diseinu hori “40 urteko diktaduraren ondoren, Euskadi politikoki garatzea ahalbidetzeko erreforma gisa izan zela”. Orain, hiru hamarkada baino gehiagoren ondoren, uste du iritsi dela unea “errespetatzeko Herrien borondateen eboluzio demokratikoa”.

Egibarrek azaldu duenez, Autogobernu Ponentziak ebaluatuko ditu estatutu-garapenaren egungo egoera eta lorpenak. Halaber –egungo arauak eta lege-prozedimenduak errespetatuta, eta ahalik eta adostasun handienetik-, bere eguneratzerako oinarriak adostuko ditu, euskal Ganberan ordezkatutako herritarren borondate politikoaren adierazpen gisa.

EAJren bozeramaileak Legebiltzarrak 2003 eta 2004 urteetan egindako ahalegina aipatu du. Orduan, ariketa hori gauzatzeko saiakera arrakastarik gabe bukatu zen, alderdi konstituziozaleek Espainiako Kongresuan inposatutako betoaren eraginez. Burukide jeltzaleak nabarmendu duenez, bai orduan, eta baita orain ere, beste alderdi batzuek ez bezala, EAJk irmoki defendatzen ditu Euskal Herriaren borondate politikoaren eguneratzea eta erabakitzeko eskubidea, bere hauteskunde-programako 255 eta 261. orrialdeetan jasotzen den bezala.

EH Bilduri bere programan honi guztiari buruzko hitz bat bera ere ez jaso izana egotzi dio. Eta ondorioz, koalizioak Autogobernuari buruzko Ponentziaren negoziaketan Estatus Berriaren hitzaurrea eta Loiolako paperak erabili dituela jakinarazi du.

Azken testu honi buruz, azpimarratu du PSEk ere babestua izan zela, nahiz eta espresuki dioen Herri honek bere etorkizun politikoa erabakitzeko erabakiak aske eta demokratikoki hartu ahal izango dituela, beti ere arau eta prozedura politikoak jarraitzen baditu. Gaineratu du testu honen arabera, prozedimentuak ez direla gehiengoaren borondatearen muga izango, baizik eta beren eskubidea bermatuko duen bermea”.

Egibarrek aurreratu du Ponentzia datozen asteotan hasiko dela lanean eta “ahal duen adostasun-mailarik handiena bilatuko duela, inoren betorik, ezta inposaketarik onartu gabe”. Hori dela eta, jakinarazi du “erabateko adostasunik ez badago, gehiengo demokratikoaren borondateak aurrera egingo du. Izan ere, ezin baitira eragotzi borondate demokratikoen adierazpenak”.

Ekimenak aurrera egin du EAJren eta PSEren Legebiltzar Taldeen aldeko botoekin. Bi taldeek adostu dute ebaluazio eta analisi fasea saio irekietan izango dela, eta gainontzeko taldeei eskatu diete aurkeztu ditzatela beraien proposamenak, eta, Ponentziaren baitan, eztabaidan parte har dezatela. Lantalde horretan parte hartuko dute talde bakoitzeko hiruna ordezkarik, eta adituen txostenak eta agerraldiak ere izango dira bertan.