Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2013/11/13

Ibarzaharra sozietatearen akordioak ahalik eta azkarren bete ditzala eskatu dio EAJk SEPIDESi

Euzko Abertzaleak Legebiltzar Taldeak SEPIDESi eskatu dio ahalik eta azkarren bete ditzala Ibarzaharra sozietateko administrazio kontseiluetan lortzen diren akordioak.

rss Ezagutzera eman

Ibarzaharra kudeaketa-sozietate bat da, lau erakundek sortutakoa: Espainiako Gobernuak, Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Sestaoko Udalak. Bere helburua da190.000 metrokoadroko industrialdearen eraikuntza sustatzea. Industrialdea Sestao eta Trapagarango udalerrietan egongo da, hain zuzen ere Carrefour merkatalgunea eta Babcock Power enpresaren instalazioen artean.

Espainiako Gobernuak SEPIDES sozietatearen %50aren kontrola dauka. Horretara, erabaki guztiek bere oniritzia izan behar dute, aurrera egingo badute.

Leire Corrales EAJko ordezkaria kexu agertu da Legebiltzarrean egindako adierazpenetan: “SEPIDES mesfidati da proiektuaren bideragarritasunari dagokionez, eta, horren erruz, Ibarzaharran urtebete galdu dugu. Iragan uztailaren 29an eta urriaren 9an administrazio kontseilua bildu zen, eta erabaki batzuk hartu zituen aktibitatea berreskuratzea ahalbidetzen dutenak. Haatik, akordio hauek ez dira gauzatzen ari. Izan ere, SEPIDESek ez die hartutako akordioei ekiten, harik eta bileren aktak idatzi eta kontseiluko kide guztiei bidali arte. Ikaragarria da, batzuetan lau hilabete igarotzen baitira erabaki bat hartzen denetik, gauzatzen den arte”.

Corralesek adibide batzuk aipatu ditu sozietatearen arduragabekeria salatzeko. Azaldu duenez, azaroaren hasieran “ordaindu gabeko fakturak zeuden uztailetik, eta horrek esan nahi du ez direla hornitzaileei ordaintzeko epeak bete. Horrez gain, gaineratu du “Ibarzaharrak lurzoru baten permuta sinatu behar duela jabearekin, notario aurrean, eta oraindik ez duela egin. Hori beharrezkoa da, etorkizuneko enpresa-parkea egiteko beharrezkoa delako sozietatea eremuko lurzoru guztien jabe izatea”.

Legebiltzarkideak adierazi duenez, “hau ez da sozietate bat kudeatzeko modua”, eta SEPIDESi eskatu dio “ez dadila akten zain egon, horiek idatzi eta kontseiluko kideei bidaltzeko itxaron gabe ere ekin diezaiola kontseiluan hartutako erabakiak gauzatzeari”. “Hiru euskal administrazio gaude proiektu honetan inplikatuta, eta hirurok ari gara norabide berean arraunean. Proiektu estrategikoa da Sestaoren eta Ezkerraldearen etorkizunerako, eta onartezina da SEPIDES etengabe proiektua geldiarazten aritzea”, gehitu du.

Behin onartuta, lursaila deskontaminatzeko lanen kontratazio-espedientea (1,1 milioi euro), Corralesek dei egin dio SEPIDESi argi berdea eman diezaien horren ondorengo lanei: lehorketa, barrubetetzea eta euste-horma egiteko lanei. Ez baita komenigarria kontratazio honetarako denbora gehiago luzatzea, eta halaxe adierazi du iragan urriko txosten batek, hain zuzen ere, Sestaoko Udaleko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Jaurlaritzako teknikariek egindako txosten batek.

“Lehorketa, barrubetetze eta euste-horma eraikitzeko lanak oraintxe bertan kontratatu ezkero, Ibarzaharrak dirua aurreztu dezake. Ostera, gehiago itxaronez gero, gehiago ordaindu behar izatea gertatu liteke, eta gerta liteke barrubetetzerako behar beste material ez egotea. Material hori beharrezkoa da lurzoruaren altuera igo eta urpean geratzeko arriskuak ekiditeko. Horrelako materialen eskaera igotzen ari da Bilboko Portuak eta beste azpiegitura batzuek ere behar dituztelako”, azaldu du legebiltzarkideak.

Zentzu horretan, argi utzi nahi izan du EAJko legebiltzartkideak zein den Ibarzaharrako administrazio kontseiluko euskal erakundeen apustua. Alegia, barrubetetzerako lanak oraintxe bertan kontratatzea. “Pilota, beraz, SEPIDESen teilatu gainean dago orain. Argi esan beharko du Sestaoren alde irmo egingo duen edo, alderantziz, orain arteko jarrerari eutsiko dion”, amaitu du Corralesek.