Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2013/10/10

Legebiltzarrak berriro baztertu du Espainiako gobernuaren koordainketa berria

Kerman Orbegozo legebiltzarkideak gogor salatu du ”inposizio berri” hau, izan ere ”ez da eraginkorra, ezta bidezkoa ere, eta eskumenak inbaditzen ditu”.

rss Ezagutzera eman
Legebiltzarrak berriro baztertu du Espainiako gobernuaren koordainketa berria

ARGAZKIA JAITSI

Legebiltzarrak berriro ere baztertu du ordainketa partekatu berria, osasun zerbitzuentzat Espainiako Gobernua ezartzen ari dena. Azken “inposaketa honekiko aurkako jarrera hori, EAJk eta PSEk adostutako Legez Besteko Proposamen baten bitartez adierazi du Legebiltzarrak.

Kerman Orbegozo legebiltzarkide jeltzaleak gogor kritikatu du neurria. Izan ere ”ez da eraginkorra, ezta bidezkoa ere, eta gure eskumenen inbasio berri bat da”. Ordainketa partekatu berria Espainiako Gobernuak bultzatu du, eta horren bitartez, ospitalean ez dauden gaixo larri edo kronikoek zati bat ordaindu beharko dute. Koordainketa beharko duten botikak honako tratamenduetan erabiltzen dira: minbizia, tumoreak, leuzemiak, linfomak, osteoporosia eta psoriasia, besteak beste.

Orbegozok “inposaketa berri” honen aurkako jarrera azaldu du. Bere ustez ”osasun babeserako eskubidea dugu, horretarako sistema publiko, unibertsal, kalitatezko baten bidez, eta EAEko zergen bidez ordaintzen dugu. Osasun babeserako eskubide hori urratzen du koordainketa honek”. Gainera, gogoratu du neurri hau Espainiako Gobernuak bultzatu duela, ”horretarako inolako adostunik gabe. Ez die Osasun sailburuei ez kontsultatu ezta horren berri eman ere. Eta ez dauka oinarri sendorik esateko asmo dituen etekinek gure osasun sistema mantentzeko balioko dutela”.

Horregatik guztiagatik, EAJk eta PSEk adostutako Legez Besteko Proposamena onartu du Legebiltzarrak. Onartutako testuaren bitartez, Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari eskatu dio bertan behera utz dezala ebazpena[1], koordainketa hau arautzen duena.

Halaber, Jaurlaritzari eskatu dio jarrai dezala propio zaizkigun osasun-eskumenak defendatzen, eta beharrezko neurriak aurreikus ditzala, neurrion bitartez botika-tratamendu hauek behar dituzten pertsonek horietarako sarbidea uneoro bermatzeko.

Legebiltzarrak adostutakoaren berri emango die Espainiako Gobernuari, Gorte Nagusiei, Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiei eta Eudeli.

[1] 2013ko irailaren 10eko ebazpena, Nazio Osasun Sistemaren Oinarrizko Zerbitzuen Sailaren Zuzendaritza Nagusiarena, zeinaren bitartez botika-prestazioaren baitan dauden medikamentuen finantzazio-baldintzak aldatzen dituen.