Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2013/06/03

EAJren Legebiltzar Taldeak babesa eman dio frankismoaren aurkako kereilaren Euskal Plataformari

1936. urteko kolpe militarraz geroztik errepresaliatutako pertsonei egia eta erreparaziorako eskubidea bermatzeko konpromisoa hartuko du Eusko Legebiltzarrak

rss Ezagutzera eman

EAJ Legebiltzar taldeak babesa eman dio Frankismoaren Aurkako Kereilaren Euskal Plataformari, 1936 eta 1977 urte bitartean gertatu ziren krimenak argitu eta memoriaren alde lan egiten duen erakundeari, alegia. Zeregin horietan, María Servini de Cubría epaile argentinarraren laguntza izaten ari da plataforma. Izan ere, epaile amerikarrak kereila jarri du bere epaitegian frankismo garaian gertatutako krimenak aztertzeko eta, datorren hilean, Frankismoaren Aurkako Kereilaren Euskal Plataformako zenbait kide deklaratzera  deituko ditu euren testigantza eman dezaten.

Egoera honen aurrean, EAJ Legebiltzar taldeak plataformaren eskaerak bere egin eta, EH Bildu eta PSE-EErekin batera, Legez Besteko Proposamena onartuko du, besteak beste, altxamendu faxista eta ondorengo diktadura erregimena gaitzetsi eta Elizak eta nekazaritza eta industria oligarkiak jokatu zuten papera salatzeko.

Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herri Partaidetzaren Batzordeko lehendakariak, Maribel Vaquerok, adierazi duenez, dokumentua sinatu duten hiru alderdiek 1936. urteko kolpe militarraz geroztik errepresaliatutako pertsonei egia eta erreparaziorako eskubidea bermatzeko konpromisoa hartu dute, eta baita historia berriro idazteko saiakerak ekiditekoa ere. Horrez gain, Legez Besteko Proposamenak zigorgabetasun egoera gainditzeko aukera ematen duten eskubideak babestu eta, egoera berriro errepika ez dadin, erreparazio duinaren alde egiten du.

Ekimen honen bidez, Eusko Legebiltzarrak frankismoaren krimenen aurkako kereila babesteko gomendioa luzatuko dio gizarteari eta, bide berean, aurreratu du Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herri Partaidetzaren Batzordeko ordezkaritza bat Buenos Airesera bertaratuko dela plataformako kideak epailearen aurrean deklaratzera deitzen dituztenean babes osoa izan dezaten.