Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2012/12/03

Urkullu: “Hizkuntza politikak adostasun sozial eta politiko zabala behar du aterpe”

Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna. Euskararen balio unibertsala aldarrikatzeko eguna da; euskara, gure hizkuntza propioa –ez da dugun bakarra, baina bai guk bakarrik duguna- beste edozein hizkuntza bezain duin eta baliodun dela adierazteko eguna. Eta, hasiera beretik esan nahi dut: konpromisoak hartu eta hitza emateko eguna da, euskararen eta hizkuntza bizikidetzaren aldeko konpromisoa berresteko eguna. Egun gutxi barru Gobernu berria eratzea tokatuko zait. Horrexegatik, ez nator zer egin behar den esatera, zer egingo dugun hitza ematera baizik. Hori da nire konpromisoa berresteko modua gaur.

rss Ezagutzera eman
Urkullu: “Hizkuntza politikak adostasun sozial eta politiko zabala behar du aterpe”

ARGAZKIA JAITSI

Etxeko sutondotik lau haizetara zabaltzeko deia presente egon da euskararen historian. Etxepare eta Lizardi dira dei horren lekuko. “Heuscara, ialgui adi plaçara!” aldarrikatu zuen lehenak, eta “izkuntza larrekoa, nai aunat ere noranaikoa” idatzi zuen bigarrenak. Gaur esan dezakegu edozein arlotan eta edozertaz komunikatzeko erabiltzen den hizkuntza modernoa dela euskara; atzerantz ez, baizik eta aurrerantz doan hizkuntza. Guri dagokigu, gure belaunaldiari dagokio, katea  eten ez dadin, euskara datozen belaunaldiei transmititzea, guk eskuratu dugun baino bizi-indar handiagoz transmititzea. Etorkizuna geure esku dago.

Euskarak, oro har, aurrerakada handia egin du azken hiru hamarkadotan. Aurrerakada bizia izan da EAE-n, motela Nafarroan eta atzerakada Iparraldean. Kezka handiz begiratzen diot euskararen egoerari Nafarroan eta Iparraldean. Elkarren arteko errespetu osoan, ahaleginak eta bi egin beharko ditugu euskara lurralde horietan ere indarrean jar dadin. Nolanahi ere, EAE-n izan duen bilakaeraren bidez, bere historia osoan inoiz izan dituen baino hiztun gehiago ditu gaur euskarak, gero eta gutxiago dira erdaldun hutsak eta euskararik batere erabiltzen ez dutenak, eta gizarte-bizitzako esparru ugaritan gero eta gehiago erabiltzen da.

Aurrerakada ez da berez gertatu. Bi izan dira mugarri nagusiak: euskara batua eta Euskararen Legea. Duela 25 urte hil zen euskara  batuaren aitzindari nagusia, Koldo Mitxelena; eta duela 30 urte onartu zen Legea. Euskarari bere “iraupena eta hazkundea segurtatzeko behar adinako tokia” aurkitzea eta “hizkuntza-integrazioa” eraikitzea jarri zituen helburu Mitxelenak. Bete-betean egiten du bat helburu horiekin Euskararen Legeak, eta etorkizunean egin behar dugun ibilbidea argiro zehazten dute Mitxelenaren hitz horiek.

Bizikidetza da jokoan  daukaguna. Euskararena ez da euskaltzale garenon egitekoa bakarrik. Herritar guztien erantzukizuna da gure hizkuntzen arteko bizikidetza, euskara eta gaztelaniaren (eta frantsesaren) artekoa. Herri-agintari eta politikari, langile eta enpresari, zahar eta gazte, kazetari eta askotariko profesional, euskaraz jakin edo ez, kolore politiko honetakoa edo beste hartakoa izan, euskaraz bizi nahi dutenak bezala gaztelaniaz bizitzearen aukera egiten dutenak... guztion eginkizuna da hemengo hizkuntzen bizikidetza ahalik eta orekatuena eta harmoniatsuena eraikitzea. “Ez inposatu, ez eragotzi, inor ez inoren gainetik: herritar guztien hizkuntza aukera egiazki bermatu”: hori da nire izpiritua, hori da nire konpromisoa. Horrek eskatzen du euskararen erabilerarako aukerak sortzea, eta erabili nahi duenak eragozpenik ez izatea erabiltzeko. Hortik urruti gaude oraindik, eta denbora beharko dugu horraino iristeko. Horrek eskatzen du ahulena den hizkuntza, euskara, sustatzea. Jakinda progresiboki egin behar dela, pixkanaka, gehiegikeriarik gabe, baina jakinda, baita ere, euskararen erabilera ez dela zabalduko eta indartuko berez eta gu guztion etengabeko bultzadarik gabe. Gutariko bakoitzak egiten duenaren esku dago euskararen etorkizuna, eta nire konpromisoa da Eusko Jaurlaritzak, bere osotasunean, Lehendakariak eta bere departamentu guztiek, euskara gero eta gehiago erabiltzea, herritarrei euskara eta gaztelania beren nahieran erabiltzeko aukera gero eta neurri handiagoan bermatzeko neurriak hartzea, eta euskara gure gizarte-bizitzan indartzeko politika aktiboak garatzea. Betiere, herritar guztien hizkuntza aukerak errespetatuz eta errespetaraziz. Herritar guztiak hizkuntza kontuetan ere egiazko aukera-berdintasunean eta askatasunean elkarri bizkarra eman gabe biziko diren Euskadi dut helburu.

Gobernutik asko egin daiteke, eta egin egingo dugu, Euskararen Legea iparrorratz dugula, azken hiru hamarkadetan egin dugun bezala. Bai baitakigu lege babes sendorik gabe eta hizkuntza politika aktiborik gabe euskarak ez duela Mitxelenak aldarrikatutako “iraupena eta hazkundea segurtatzeko behar adinako tokirik aurkituko”, eta ez dela Euskararen Legeak helburu duen gizarte elebiduna eraiki ahal izango. Lege babes irmoa eta hizkuntza politika iraunkorra ezinbestekoak dira (nahikoa da Nafarroa, Iparraldea eta EAE-n gertatu denari erreparatzea). Baina hori ez da nahikoa, eta ez da hori erabakigarriena. Ororen gainetik giltzarri nagusia herritarrek euskararekiko duten atxikimendua da. Herritar guztien ondare da euskara, baina ondare ez ezik herritar guztien komunikabide izatera iristea dugu helburu, bakoitzak nahi duen hizkuntza naturaltasunez erabili ahal izan dezan. Horretarako, euskararen bizi-indarra sendotzeko, beharrezkoa dugu, beraz, euskaraz dakitenek hitzetik hortzera erabiltzea eta ez dakitenek euskararantz pausoak ematea, bakoitzak ahal eta gogoko duen neurrian. Zerbitzu publikoetan gero eta normaltasun handiagoz erabilia izan dadin lan egingo dugu, eta herritar guztien hizkuntza eskubideak progresiboki berma daitezen neurriak hartu eta garatuko ditugu. Baina, zerbitzu publikoetan ez ezik, aisialdian, lagunartean, lan-giroan, auzo-bizitzan ikusi nahi dugu indartsu euskara. Eta horretan giltzarri nagusia, ez bakarra, herritarren gogoa da. Azken finean, herritarrek euskararekiko duten atxikimendua areagotu beharra daukagu, eta horretarako besteak beste euskararen ospe soziala eta euskararen erakarmena sendotu behar ditugu. Helburu horretara laguntzeko politikak bultzatuko ditugu Gobernutik. 

Hona azken konpromisoa: hizkuntza politikak adostasun sozial eta politiko zabala behar du aterpe. Jokoan dagoena bizikidetza denez eta hizkuntza bizikidetza herritar guztion egitekoa denez, ezinbestekoa da adostasun sozial eta politiko sendoa. Euskararen Legearen arrakastak asko zor dio bere gainean izandako kontsentsuari. Kontsentsu hori, ordea, berrindartu behar da, inor baztertu gabe, utzikeriak nahiz dogmakeriak alboratuz, hizkuntza bizikidetzaren bidea ere guztiok batera egin dezagun. Kontsentsu sozial eta politikorik gabe zaila da, ezinezkoa ez bada, hizkuntza politika arrakastatsua garatzea.

Kontsentsu zabalerako ibilbidearen abiapuntua, printzipioak eta lan-ildo nagusiak  markatuta daude: Euskara 21. Hain zuzen ere Euskara 21 garatzea da nire azken konpromisoa Euskararen Nazioarteko Egunean, betiere berdintasunean eta askatasunean oinarrituriko hizkuntza bizikidetza, herritarren atxikimendua eta adostasun sozial eta politiko zabala hartuta iparrorratz moduan, Euskararen Legea bete, betearazi eta garatuz.  Egin egingo dugu. Hitza ematen dut.