Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2012/02/03

Urkullu: “Eusko Jaurlaritzaren egoera ekonomikoa biziki larria da”

Gaur EAJren EBBren presidente den Iñigo Urkulluk Sabin Etxean burutu den prentsaurrekoan adierazi duenez, “azken egunotan ordainketen gelditzeaz eta Administrazioaren kaudimenik ezaren inguruan ezbai publikoak izan dira. Langabezia, Euskadin Estatuan baino arinago hazten jarraitzen du. Eta azken 15 urteotan ezagutu ez dugun langabezi tasara iritsi gara. Honekin batera, Euzko Alderdi Jeltzalea jakitun da, informazio eta datu propioak ditu hori egiaztatzeko, Eusko Jaurlaritzaren egoera ekonomikoa biziki larria dela”.

rss Ezagutzera eman

“Argi dago egoera ekonomikoa biziki larria dela. Datuak ditugu, egoera larri bihurtzen hasia  dela erakusten dutenak. Guk dakiguna gutxi balitz, Eusko Jaurlaritzaren deia jaso dugu, Euzko Alderdi Jeltzalearen laguntasun eske, defizit gordinak eragindako diru faltaren aurrean, konponbide berriak bilatzeko”. 

Urkulluk biziki azpimarratu duenez, “Euzko Alderdi Jeltzalearentzat, herriko erakundeen kaudimena dago, bakoitzaren interes politikoaren gainetik”. “Neurri zuzentzailerik egokienak hartu ahal izateko, ezinbestekoa da diagnosi zintzo eta gordina egitea. Gardentasun jarduna alegia”.

Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak gaineratu du baita “EAJ laguntzeko prest” dagoela, “beti bezala. Baina ez dugu parte hartuko  diru beharrizanak aldi baterako kontsolatzeko eragiketa itxurazkoetan. Uneak ardura eskatzen du, eta EAJk arduraz jokatuko du”.  “Hau ez da gaitzespen edo kritikarako garaia. Kezka biziko uneak ditugu. Euskadik Jaurlaritza indartsu eta fidagarria behar du. Atzeraldi eta geldiune  ziklo honetatik datozen erronkei aurre egiteko gaitasuna izango duen Jaurlaritza, alegia”.

Bukatzeko gaineratu du baita “Jaurlaritzan antzeman den krisi larriagatik dugun ardura PP alderdiak ere partekatzea espero dugu. Eta denok batera ekin diezaiogula gure erakundeek pairatzen duten unerik latzena konpontzeari”.

“Gardentasuna eta errealismoa exijitzen dugu, ondorioz jarduteko. Sine qua non baldintza da Eusko Jaurlaritzaren finantzen egoerari aurre egiteko, lehenengo eta behin, gardentasuna, kontu argiak. Gardentasuna eta errealismoa. Horiek baldintzak ematen badira, dena egin daiteke”.