Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2007/02/08

EAJk BATASUNAREN PROPOSAMENA RODRIGUEZ ZAPATEROrí ZUZENDUTA DAGOELA NABARMENDU DU

“Prozesua berpiztu eta gutxiengo politikoen gaineko adostasunari bidea irekitzea bilatzen du”, gehitu du.

rss Ezagutzera eman
Joseba Egibar, EAJko bozeramaleak, Batasunaren proposamena PSOE eta Rodríguez Zapaterori zuzenduta dagoela uste du. “Gogoratu besterik ez, Zapaterok berak, bere adierazpenetan behintzat, ez duela behin betiko amaitutzat eman prozesua”, ohartarazi du Egibarrek. “Atsegin edo atsegin ez, proposamena aintzakotzat hartu behar da, une zehatz baten aurkeztu delako, zailtasunez eta hauteskundeetarako denbora gutxi gelditzen den unean, hain zuzen”, azpimarratu du buruzagi jeltzaleak. Proposamenaren helburuari dagokionez, bestalde, gutxiengo politikoen gaineko adostasunari bidea irekitzea bilatzen duela nabarmendu du. Proposamena bere horretan kokatu behar da. “ETAk su eten iraunkorraren adierazpena iragarri eta urte betera aurkeztu da proposamena. Abenduko atentatuak zubiak apurtu eta solaskide sozialistak negoziazio mahaitik altxatu ondoren dator mahai gaineratzen da proposamena”, ekarri du gogora GBBko presidenteak.

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, buruzagi jeltzaleak bake prozesua eta normalizazio politikoa nahasten ari dela zehaztu du. Bigarrenari dagokionez, eta, Lehendakariak berak frogatu izan duen bezala, ETAk borroka armatua “ofizialki” eten ezean ere, prozesu politikoarekin aurrera jarraitu behar dela iritzi dio Egibarrek.

“Agiri eta aldekotasunetan sartu gabe, Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onartu Proposamenak, indarrean jarraitzen duen horrek, hain zuzen, Batasunak aurkeztutakoa baino sakonagoa eta zehatzagoa dela ziurtatu du Egibarrek.

Proposamenaren helburua prozesua “berpiztea” dela berretsi ondoren, “borondatea ezin dela indarrez ezarri” azpimarratu du GBBko presidenteak. “Proposamena sozialistei zuzendurik dago eta, horrelakoak eztabaidatzerakoan, ezetz biribila erakutsi dute, publikoki gainera. Bere garaian erabateko ezetza eman zieten Eusko Legebiltzarrak aurkeztutakoari eta, oraingoan ere, egoera askorik aldatzen ez bada behintzat, logika baten barruan, PSOEko buruzagiak ezetzaren aldeko lirateke”, azaldu du. Egoeraren aurrean, herri honi egia esatea eskatu dio ezker abertzaleari. “Eta, egia hurrengoa da; PSOErekin uneotan akordioak lortzea ezinezko bada -bide politikoa hori behar lukeela izan jakinda ere-, indarkeria kodeak desagertu behar dira”, argitu du.

Euskal alderdi polítiko guztiak, EAJ barne, bere ekintza polítikoa PSOEk jartzen duen mailara kokatu nahi izana kritikatu du Joseba Egibarrek. “Herri borondatea etorkizuna eraikitzeko giltz bada, PSOEk ere horretara egokitu beharko du bere burua. Alderantzizkoa, alegia, herri nahia interpretatzeko ahalegin hortan, gainontzeko alderdiok PSOEk muga non jarriko duen asmatzen ibiltzeak ez du zentzurik”, amaitu du EAJko bozeramaleak.

ETAk bere sinesgarritasuna berreskuratu nahi badu, behin betiko su etena iragartzea beste aukerarik ez duela adierazi du Joseba Egibarrek. “Su etena edo bide polítiko eta demokratikoen aldeko apostua egiten duen antzeko zerbait”, ñabartu du.