Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2006/05/17

EAJ-PNVK EUSKADIK KIROL SELEKZIO PROPIOAK IZATEKO DUEN ESKUBIDEA ALDARRIKATZEN DU

Euskal selekzioak berandutu gabe eratzea eskatzen du, nazioarte mailan gainontzeko nazioekin berdintasunean lehia daitezen.

rss Ezagutzera eman
Datorren igandean Euskadi eta Galesko selekzioek lehiatu behar duten norgehiagokaren aurrean, EAJ-PNVk Euskadik kirol selekzio propioak izateko duen eskubidea aldarrikatzen du eta, berandutu gabe, euskal selekzioak eratzea eskatzen du, nazioarte mailan gainontzeko nazioekin berdintasunean lehia daitezen. Zentzu horretan, EAJ-PNVk ohartarazten du, Estatu espainolean legezko Kirol Federazioak daudela, horien artean, Euskal Federazioak. Indarrean dagoen legediaren arabera, nazioarte mailan ordezkatuko lieken berezko selekzioak bultzatzeko eskubide eta betebehar osoa dute Federazio hauek. EAJ-PNVk gogora ekarri nahi du, gainera, eskubide hori Europar esparruan aitortuta dagoela dagoeneko. Europako Parlamentuko Lege Ebazpenak jasotzen duena hitzez hitz hartuta: “Futbol Talde nazionalek ez dute zertan Estatu Kideetako Erakunde Nazionalak ordezkatu behar eta Futbol Talde Nazional bat baino gehiago duten Estatu Kideetan ohitura eta kultura ezaugarriak hartu beharko lirateke aintzakotzat”. EAJ-PNVk uste du, Euskadik futbol ohitura eta kultura ezaugarri horiek aski bereganatuta dituela eta, gaur gaurkoz, Galesko selekzioaren adibidea aldarrikapen horren egiaztapena dela.

EAJ-PNVk euskal gizarteak behin eta berriz exijitutako euskal selekzioen aitortza aldarrikatzen du. Bere garaian, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak datuekin ondorioztatu zuen, beste behin, euskal gizartearen gehiengoak euskal selekzio propioen aldeko apostua egiten duela. Euskal gizartearen aldarria zentzu horretan itzela, zaratatsua eta iraunkorra da. Eusko Alderdi Jeltzaleak euskal herritarren iritzia errespeta dadila exijitzen du eta gai honen inguruan neurriak har daitezela eskatzen du. Borondatea baino ez da behar, bai Kirol modalitate bakoitzeko Federazio espainolen aldetik zein Espainiako Gobernuaren aldetik ere.