Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2006/01/13

JOSEBA EGIBAR: “2006a APROBETXATU BEHAR DUGU PROZESUAREN OINARRIAK FINKATU ETA BLINDATZEKO”

“EAJ-PNVren aburuz, Euskal Herriaren aitortza eta bere erabakitzeko eskubidea oinarritzat hartuta, eskubide horren egikaritza adostu beharko litzateke”, azaldu du.

rss Ezagutzera eman
Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, atzeraezintasuna ezaugarri duen garaia ezagutuko dugula ohartarazi du: “distentsioa errealitatea bihurtuko den garaia, ETAk gauzatu behar duen eta horretarako ahalmena duen distentsioa, hain zuzen”, gaineratu du. Joseba Egibarrek azaldu duenez, “hortik aurrera, Diputatuen Kongresuaren erabakia lagun, ETArekin harreman maila egituratzea posible izango lizateke. Pausu horrek ateak zabalik utziko lituzke alderdien mahaia edo alderdien mahai anitzak eratzeko”.
 
RNEri eskainitako elkarrizketan, 2006a bakegintza eta normalizazio prozesuak bultzatzeko aprobetxatu behar dela adierazi du Joseba Egibarrek, “aurtengoa ez delako hauteskunde urtea”, gogoratu du. “Horregatik finkatu behar dira prozesu horren oinarriak; aurrerapausuek zehaztuta eta blindatuta gera daitezen eta mugarri horiek atzera bueltarik izan ez dezaten” gehitu du.
 
Alderdien Mahaiari dagokionez, eratu eratzen bada, konpondu beharreko gatazka politikoa dagoelako eratuko dela nabarmendu du Egibarrek, “gatazka poltikoa existitzen dela ukatzen duenik egon badago-eta”, gogora ekarri du. EAJ-PNVren aburuz, “gatazka politikoaren konponbideak halabeharrez eskatzen du Euskal Herriaren aitortza, eta, ondorioz, bere erabakitzeko eskubidea aitortzea” azpimarratu du EAJren Legebiltzar Taldearen bozeramaileak. “Hauxe litzateke bere burua euskal alderditzat dutenek adostu beharreko abiapuntua. Aurerrantzean, printzipiook onartuta, erabakitzeko eskubidearen egikaritzaren ingurukoak adostu beharko lirateke” gaineratu du. Joseba Egibarren ustez, “horiexek lirateke akordioak landu beharreko testuingurua”. “Zer da datozen belaunaldiei proposatzen dieguna? Zer da euskal herritarrei datozen 15-20 urteetarako eskaintzen dieguna? Orain landutakoa etorkizunean berretsi edo ezeztatu beharko dute euskal herritarrek konsulta bidez”, gehitu du.
 
EAJ-PNVren Legebiltzar Taldearen bozeramaileak, Euskal Herria existitzen dela ukatzen duenik badagoela gogoratu du, eta, are gutxiago, eskubide horien jagole denik. “Hortxe dago gatazkaren giltza”, zehaztu du. “Zentzu horretan, gaiari ekiteko eta konponbideak bilatzeko, Eusko Legebiltzarrean onartutako Proiektu Politikoak oinarrizko zumeak biltzen ditu” nabarmendu du Joseba Egibarrek.