Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2022/05/27

Iñigo Iturrate Kolonbiara joango da maiatzaren 29ko hauteskunde presidentzialetarako behaketa misioan parte hartzeko

Legebiltzarkide jeltzalea kezkatuta agertu da Kolonbiako herrialdeko hainbat eskualdetan indarkeriak gora egin duelako eta horrek hauteskundeetan izan dezakeen eraginagatik. “Espero dut gure lanak balio demokratikoak indartzen eta konfiantza handiagoko giroa sortzen laguntzea”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Kolonbiako Hauteskunde Kontseilu Nazionalak gonbidatuta, Iñigo Iturrate jeltzalea partaide den Bakearen aldeko Euskal Taldeartea Bogotara joango da gaur, igande honetan, maiatzaren 29an, egingo diren presidentetzarako hauteskundeen nondik norakoak jarraitzeko. Taldeartekoa Hauteskundeak Behatzeko Misioan sartuko da, bozketa eta zenbaketa zaintzeko, eta, horrela, hauteskunde-prozesuaren osotasuna eta gardentasuna bermatzeko. “Martxoan, aurreko legegintza-hauteskundeetan, irregulartasun ugari izan ziren, eta badakigu orain ere ez direla berme guztiak ematen ari. Kolonbian bizi den egoera oso gertutik jarraitzen dugu, eta azken hilabeteetan hauteskunde aurreko garai honetan lurralde askotan indarkeriak eta mehatxuek gora egin dutela ikusteak kezkatzen gaitu. Kanpaina normaltasunez egitea eragozten duen indarkeria, bai hautagaientzat, bai hautesleentzat”.

Izan ere, Hauteskundeak Behatzeko Misioaren txosten baten arabera, “2022ko legegintza-hauteskundeen aurreko aldia azken hamabi urteetako bortitzena izan zen”. Urtearen hasieratik, gizarte-liderren eta Giza Eskubideen defendatzaileen 76 hilketa, Bake Akordioaren sinatzaileen 20 hilketa eta talde armatuek egindako 40 sarraski zenbatu dira; horietan 342 pertsona hil dira. Gainera, bi egunetik behin hauteskunde-indarkeriaren biktima bat dago. "Hautagaiek inolako hertsapenik gabe egin behar dituzte kanpaina politikoak, eta beharrezkoa da kolonbiar guztiak maiatzaren 29an bozkatzera joatea inolako beldurrik gabe", adierazi du. Iturratek indarkeriaren eta larderiazko ekintzen amaiera eskatu du.

Testuinguru “konplexu eta indarkeriazko” honetan, parlamentari jeltzaleak espero du Misioaren lanak “Kolonbian balio demokratikoak indartzen eta konfiantza handiagoko giroa sortzen lagunduko duela”, igandeko hauteskunde-hitzordua beldurrik eta babesgabetasun gabe egin ahal izateko.

Igandean zehar, Legebiltzarreko ordezkaritzak Bogotako hainbat bozketa-postu bisitatuko ditu, prozesuaren martxa eta azken emaitzak egiaztatzeko. Kolonbiak Ivan Duque Errepublikako egungo presidentearen ondorengoa aukeratuko du egun horretan.