Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2020/08/03

EBBk Joseba Egibar bozeramaile eta Iñigo Iturrate Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos legebiltzar taldeko koordinatzaile izendatu ditu

Legebiltzarkideak gaur egingo den osoko bilkuran, EAJ-PNVk Bakartxo Tejeria aurkeztuko du presidentetzarako hautagai eta Iturrate Mahaiko lehen idazkari

rss Ezagutzera eman
EBBk Joseba Egibar bozeramaile eta Iñigo Iturrate Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos legebiltzar taldeko koordinatzaile izendatu ditu

ARGAZKIA JAITSI

Euzkadi Buru Batzarrak erabaki zuen joan den ostiralean Joseba Egibar izendatzea XII. Legegintzaldiko Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos legebiltzar-taldearen bozeramaile, eta Iñigo Iturrate talde horren koordinatzaile. Bi buruzagiek karguak errepikatuko dituzte. Egibar (Andoain, 1959-11-23) legebiltzarkidea da 1990etik eta EAJ-PNVren bozeramailea 1998tik. Azken legegintzaldi honetan, Estatutuaren erreformarako testu artikulatua egiteko oinarriak eta printzipioak idazteaz arduratzen den autogobernuaren lantaldeko kide izan da. Testu hori datorren legegintzaldian izapidetu beharko da.

Iñigo Iturrate (Bilbo, 1963-01-20) 2009an sartu zen Gasteizko Ganberan, eta ordutik erakunde horretako Mahaiko kide izan da. Azken lau urteotan, Lehen Idazkari izan da, eta abuztuaren 3an, astelehenean, egingo den eratze saioan, berriz ere kargu horretara hautatuko du.

Hala erabaki zuen EBBk ostiralean izandako bileran, eta, bertan, Bakartxo Tejeriak Eusko Legebiltzarreko zuzendaritza organo gorenaren presidente izateko hautagaitza berretsi du. Tejeria (Donostia, 1971-03-28) 2001ean aukeratu zuten lehen aldiz legebiltzarkide, eta 2012tik erakunde horretako presidente da, kargu hori lortu zuen hirugarren emakumea. Izaskun Bilbao Barandica jeltzalea izan zen lehena.

Horrela, jeltzaleek Eusko Legebiltzarreko Mahaian izango duten ordezkaritza Tejeriak (presidentea) eta Iturratek (lehen idazkari) osatuko dute, ostiralean PSE-EE eta Elkarrekin Podemosekin sinatutako akordioaren ostean, bost postutatik bi lortuz. Ordezkaritza hori hamaikagarren legegintzaldian izandakoaren berdina da.

Next Euskadi
Eusko Legebiltzarrerako 2020ko hauteskundeetarako EGITASMOA