Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2019/12/04

Iñigo Iturrate: "Gizarteari Estatutuaren erreforma bideragarri bat eskaintzeko ardura dugu, printzipio demokratikoa eta errealitatearen printzipioa uztartuko dituena”

Legebiltzarkide jeltzalearen esanetan, EAJk Autogobernuaren Lantaldean akordio integratzaile bat bilatzeko lan egingo du, "Uko egin gabe eta geure burua zokoratu gabe, denok modulatu behar baititugu gure jarrerak, benetan adostasun zabala nahi badugu"

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Adituen batzordeak estatutuen erreformari buruz egindako dokumentuak Eusko Legebiltzarrean utzi ondoren, Iñigo Iturrate legebiltzarkide eta Autogobernuaren Lantaldeko kideak uste du eztabaida politikoaren fase berri honetan aukera bat irekitzen dela taldeek ahalik eta akordiorik zabalena lortzeko lan egin dezaten, eta horrek ez duela esan nahi inork uko egingo dionik, ezta trabarik jarriko duenik ere. Iturratek ontzat jo du legelariek egindako lana, eta bereziki nabarmendu du Mikel Legardaren lana, dagoeneko hitzartuta dauden oinarriak errespetatuz, legezkotasun printzipioa printzipio demokratikoarekin uztartzen duen ariketa "posibilista eta bideragarria" egin duelako. "Ez gara EH Bildurekin adostutako oinarrietatik urrundu. Legardak aurkeztutako testua leiala da jasotako enkarguarekiko: oinarri horiek erreferentziatzat hartzea eta lantaldean taldeek lortutakoa baino akordio handiagoa lortzea. Bi helburu horiek bete dira ".

Egingo ez duguna, legebiltzarkide jeltzaleak gaineratu duenez, "Gizarte hau irteerarik gabeko kalezulo batera eramatea da. Dagoeneko badakigu zer den Madrilera joan eta horma baten kontra jotzea, eta hori ez dugu errepikatuko ". Ildo horretan, proposamen bideragarri, errealista eta Gorteetan tramitatzen jarraitzeko bermeak izango dituen proposamen batean lan egiteko beharra defendatu du Iturratek. "Gure gizarteak eskubidea du askatasun gehiagoren eta eskubide handiagoen aldeko bere irrikei erantzun bat aurkitzeko, eta gure ardura da bide posible eta bideragarri bat eskaintzea. Printzipio demokratikoa defendatzen dugu, anbiguotasunik gabe, baina kontziente izan behar dugu bizi dugun uneaz eta inguratzen gaituen errealitateaz. Ezin dugu errealitatearen printzipioa alde batera utzi. Inteligentzia politikoarekin jokatu behar da ". Iturrateren ustez, organo horren lana burutzeko epeei eta denborei buruz hitz egitea baino gehiago axola du "ahalik eta adostasun zabalena biltzea eta gizarteari bermedun etorkizuna eskaintzea. Ez dugu nahi, eta ez gara amildegi batera joango ".

Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, aurrerapausoak esanguratsuak eta oso garrantzitsuak izan diren arren, betiko ezberdintasun berberetan "trabatuta" jarraitzen dutela aitortzen du legebiltzarkide jeltzaleak: erabakitzeko eskubidearen gauzatzean. "Alde batetik, EH Bildu dugu, ez dakit beldurragatik edo konpromiso faltagatik akordiotik aldendu zen; eta, bestetik, Alderdi Sozialista bere posizioetan katramilatuta dago eta ez erabakitzeko eskubidean. Idoia Mendiari esan behar diogu ezin duela errealitatea ukatu, ezta gizarte honetan gehiengoa den sentimendu bat ikusten utzi ere. Sentimendu horri erantzun komun bat eman behar diogu, baina gaizki egiten dugu marra gorriak jartzen baditugu ". Iturratek beren jarrerak modulatzeko eta elkarrizketara hurbiltzeko eskatu die.

Datorren asteazkenean, hilak 11, bilduko dira Autogobernuaren Lantaldeko kideak, legelariek aurkeztutako hiru dokumentuak aztertu eta Legebiltzarraren gomendioarekin bat datozen ikusteko. "Lan bizia eta konplexua dugu aurretik, baina ez da gutxiago egia abiapuntu ona dugula. Guretzat oso garrantzitsuak diren alderdietan, hala nola herritarren eskubideei buruzkoetan, arlo garrantzitsua irabazita daukagu. Gogor lan egin behar dugu, eta akordio eta elkar ulertze guneak sortu behar ditugu. Adimen politikotik eta jarrera malguekin jokatu behar dugu "

Next Euskadi
Eusko Legebiltzarrerako 2020ko hauteskundeetarako EGITASMOA