Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2019/04/11

Iñigo Iturrate: “Polizia Legearen erreformak eredu poliziala indartu eta agenteen baldintzak hobetuko ditu”

Aldaketaren tramitazioak aurrera darrai Eusko Legebiltzarrean, Bilkurak baztertu egin baititu EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako osoko zuzenketak. “EH Bilduri inoiz ez zaio Ertzaintza gustatu, eta Podemos berriro ere galdu da teorizazioetan, polizia-zerbitzuaren etengabeko hobekuntzari uko egiteko”, adierazi du legebiltzarkide jeltzaleak

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Euskadiko Polizia Legearen eguneratzearen tramitazioak aurrera darrai Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako osoko zuzenketak baztertu ondoren, EAJ-PNVren, PSEren eta PPren botoei esker. Bosgarren aldaketa da, 1992an onartu zenetik hona. Iñigo Iturrate parlamentariak adierazi duenez, proiektua beharrezkoa da egungo eredu poliziala indartzeko, etorkizuneko erronkei begira. “Anbizio handiko erreforma da, sakona, eta pausuz pauso ahalbidetuko du euskal polizia eredua finkatzea gure segurtasunaren berme gisa”.

Eusko Jaurlaritzak planteatutako erreformak arautu egiten du Ertzaintzako eta udaltzaingoetako 10.000 agente baino gehiagoren jarduera eta eredua. “Hainbat aldaketa dira, aspektu anitzetan eragiten dutenak: emakumeek bat egitea erraztea, Ertzaintzako karrera profesional edo barne promoziorako prozesuak. Oinarrizko kontuak dira, funtzionamendu hobea eta euskal poliziaren antolamendu bermatzeko”. Gaineratu duenez, aldaketa horiek agenteek eurek egindako eskariei erantzuten diete, legearen tramitazioan zehar Legebiltzarrean agerraldiak egin baitituzte, beren iritziak emateko. “Gaur lege honen aurka egiten dutenek uko egiten diote lege-erreformaren prozesu osoari, eraginkortasunez erantzuten diena Legebiltzarrean agertu diren pertsona eta kolektiboen eskariei. Pertsona horiek lege berria eskatu zuten, eta benetako itxaropenak sortu zitzaizkien, oraingo aukera benetakoa izango zela”. Gogoratu beharra dago azken bi legealdietan ere egon zirela erreforman aurrera egiteko saiakerak, baina horiek gauzatzea ez zela posible izan. “Ziur gaude oraingoan erreforma abiatu ahal izango dugula, gehiago luzatu gabe”, adierazi du.

EH BILDU ETA PODEMOS KONTRA

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako osoko zuzenketen eztabaidan, Iturratek deitoratu egin ditu bi alderdi horien argumentuak, proiektua Jaurlaritzari itzultzeko erabilitakoak. “Ezetza ezetzagatik, betiko jarrera oztopatzailea”. Koalizio abertzaleari leporatu dio beti baztertu duela Ertzaintza, izan ere, “zuen arazoa ez da polizia eredua, zuen arazoa da polizia existitzea. Eta zehatzago, zuen arazoa da Ertzaintza”. Iturratek EH Bilduri eskatu dio ez dadila testuinguru soziopolitikoen inguruko eztabaida antzuetan ezkutatu, eta argi esan dezala ez duela Ertzaintza onartzen. “Aldaketa hauek gelditzeak ondorio negatiboak izango luke agenteentzat. Argi dago ez duzuela hori kontuan izan. Ez duzue kontuan hartu ez dizuelako batere axola”.

Elkarrekin Podemosek defendatutako zuzenketari dagokionez, ordezkari jeltzaleak uste du “berriro ere nominalismoetan galdu direla, paradigma handietan, teorizazioetan; eta, azkenean, ez diote aukerarik ematen proiektuari, benetan positiboa izan arren euskal poliziaren etorkizunaren nondik norakoak diseinatzeko”.

Iturratek konfiantza agertu du erreforma ondo gauzatzeko, eta elkarrizketa zein negoziazioak abiatzea eskaini ditu, guztion artean ahalik eta lege onena egite aldera.

Next Euskadi
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA