Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2019/04/04

Iñigo Iturrate: “Biktimen eskubideak betetzeko hasitako bidea jarraitzen dugu gaur”

Eusko Legebiltzarrak onartu egin du jeltzaleek eta sozialistek bultzatutako lege-erreforma, poliziaren indarkeriaren biktimak erreparatzekoa. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin dira, eta PPk aurkako botoa eman du. “PPk ukatu egiten du biktima horiek egon badaudenik; EH Bilduk eta Podemosek, ostera, exigentzia-maila igotzen dute bideragarri ez izateraino. Biktimek justizia, erreparazioa eta egia merezi dute, eta lege honek posible egiten du”, esan du Iturratek

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Eusko Legebiltzarrak onetsi egin du Poliziaren gehiegikeriei buruzko euskal legea erreformatzeko proposamena, bultzatu duten bi taldeen aldeko botoaz: EAJ eta PSE. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin dira, eta PPk, aldiz, aurka bozkatu du. Arauak artikuluetan sartzen ditu Eusko Jaurlaritzak eta espainiar Gobernuak hitzartutako aldaketak, segurtasun juridikoa indartzeko eta ekiditeko Auzitegi Konstituzionalak bertan behera uztea. Aldaketa minimoak dira jatorrizko testuarekin alderatuta (duela hiru urte onartu zen), eta ez dute inola ere helburua aldatzen: Iñigo Iturrate legebiltzarkideak azaldu duenez, helburua da giza eskubideak urratu zaizkien biktimak erreparatzea, zuzendu beharreko injustizia pairatzen ari baitziren. “Biktimek babesa eta estaldura behar dute, eta lege honi esker, izango dute. Segurtasun juridiko osoa bermatzen saiatzen ari gara. Biktimek merezi dutelako, baita berehala merezi ere. Lege ona da, ona zen lehen, eta ona da orain”.

Iturratek aitortu du erreparazioaren bidea luzea eta nekeza dela, eta lege honek amaiera emango diola “atzeraezina eta beharrezkoa” den prozesu honi. Nabarmendu du prozesu graduala izango dela, eta horren ondorioz, eskubideak urraturik izan duten biktimak erreparatu eta aitortu egingo direla. “Badakite pausuak ematen joango garela, egi izan dadin egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidea”.

EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen abstentzioa

EAJ-PNVren legebiltzarkideak gaitzetsi egin du EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek legea babestu ez izana, eta esan du beren eskariek exigentzia-maila gora eraman dutela “bideragarri izan ez arte, horretaz jakitun”. “Zuek kritikatu eta abstentziora jotzen duzue, errealitateari jaramonik egin gabe. Postureoan diharduzue besteok konpromisoak hartzen ditugun bitartean, eta lan egiten dugun bitartean biktimak ez daitezen ahaztu eta babesteko. Fin jartzen zarete, jakinda legea bultzatzeko konpromisoa guk hartzen dugula eta biktimen eskubideak errealitate egingo ditugula”. Iturratek aitortu du ez dela EAJk nahi zuen legea, baina ohartarazi duenez “bi bide baino ez daude: pankartaren atzean jartzea eskubide guztiak aldarrikatzeko, edo lan eginez bidea egitea. Pausuz pausu, nahi baino motelago, baina beti aurrera. Beti irmo biktimekin dugun konpromisoan, eta beren eskubideak arriskuan jarri gabe”.

Eusko Legebiltzarrean EH Bildu eta Podemos abstenitu egiten dira, eta bien bitartean, oso antzeko legearen alde bozkatu dute Nafarroan. Iturratek salatu duenez, beren alderdikideek Nafarroan erabilitako arrazoiak EAJk erabilitako berberak dira. “Jokabide inkoherentea, funtsik gabekoa eta diletantea da, eta erakusten du beren hitzen zintzotasun eza”.

PPren oposizioa

Ordezkari jeltzaleak PPri leporatu dio biktima horien existentzia ukatzea, eta horien aitortza eta erreparazioa ekiditen saiatzea. “PPrentzako galdera da biktima horiek existitzen diren ala ez. Eta existitzen baldin badira, zer egin du PPk orain arte horiek erreparatzeko? Orain arte gauza bakarra egin dute: kosta ahala kosta, babesa ekiditea”. Finean, ondorioztatu du, “existentzia ukatu baino ez duzue egin”.

Next Euskadi
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA