Next Euskadi
Posta Bidezko Botoa

Prentsa Aretoa

2019/03/07

Leixuri Arrizabalaga: “Etorkizuna berdintasunez eraikitzea eta diskriminazioa sortzen duten faktoreak desagertzea guztion ardura da”

EAJ-PNVren legebiltarkideak baieztatu du Soldata Arrakalak erakusten duela emakumeek pairatzen duten desberdintasuna, eta euskal erakundeak animatu dute lanean jarrai dezaten “Euskadi izan dadin Europako herrialde aurreratuenetakoa berdintasunaren alorrean”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Soldata Arrakalak erakutsi eta betikotu egiten du emakume eta gizonen arteko desberdintasuna. Ondorioz, guztion ardura da hori desagerraraztea; erakundeena, enpresena, sindikatuena eta gizarte osoarena”. Leixuri Arrizabalaga legebiltzarkide jeltzaleak aitortu du arazo konplexu baten aurrean gaudela, zeinean faktore anitzek duten eragina, eta horren lanketa dimentsio anitzekoa izan behar da, inplikatutako eragile guztien eskutik. Gaurko bilkurako hitzartzeak, Arrizabalagak azaldu du Soldata Arrakalak bi funtsezko kontu dituela oinarrian: batetik, emakumeek soldata txikiagoak dituztela, dauzkaten lanpostuetan soldata txikiagoak daudelako; eta bestetik, kontratazioetan duten lanegun txikiagoa, behin-behinekotasuna izaten dutelako eta gainera etxeko eta familiako lana bere gain hartzen dutelako. Faktore horiek, gaineratu du, munduko herrialde guztietan ematen dira eta ez dute mugarik, adinik edo lan-sektorerik.

“2016an emakumeen errenta 15.578 eurokoa zen, eta gizonena 25.696. Desberdintasuna 10.000 eurotik gorakoa da. Oro har, emakumeok gutxiago kobratzen dugu gizonek baino lanordu gutxiago egiten ditugulako – askotan, familiak artatzeko-, ekonomikoki gutxiago baloratutako sektoreetan egiten dugulako lan eta ez gaudelako ardura-karguetan”. Begibistakoa da, baieztatu du, berdintasunak pertsona guztien konpromisoa eskatzen duela, “gizarteak jakin behar du berdintasunaren alde lan egin dezakeela. Ezin dugu beste alde batera begiratu”.

Leixuri Arrizabalagak berretsi du lan-eremuan berdintasunaren aldeko defentsa lehentasuna dela, kezka eta lana eragiten duena bere alderdian eta euskal erakundeetan, eta berdintasuna benetakoa izateko legealdian zehar abian jarritako ekintzak, planak eta ekimenak aipatu ditu. “Politika publikoak eremu juridikoan, ikuskaritzakoan, hezkuntzan edo lan arloan garatzen direnak”, esan du. Emandako pausoen artean nabarmentzekoak dira guraso-baimen berdinak eta transferiezinak, Soldata Arrakalaren aurkako estrategia, Berdintasun Legea zabaltzeko proposamena edo lan ikuskaritzako kanpainak. Eusko Jaurlaritzak aste honetan onartutako instrukzioa ere aipatu du Arrizabalagak, gizon eta emakumeek kontratazio publikoan soldata-berdintasuna izateko klausulak sartzekoa. Neurri hori Soldata Arrakala gutxitzeko estrategiaren baitan dago. Estrategia horren helburua da 2030erako Euskadi izatea Europan Soldata Arrakala duten bost herrialdeetako bat. “Aurrera jarraitzen dugu sendo, gizartea gero eta konprometituago dago berdintasunarekin, baina bidea luzea da eta duela urte asko ekindako ahaleginarekin jarraituko dugu gure seme-alabei gizarte hobea uzteko, non emakumeek eta gizonen eskubide eta aukera berak izango baitituzten”, amaitu du.

Next Euskadi
Alderdi Eguna 2018
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA