Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2019/02/28

Iñaki Agirre: “Venezuelak sistema demokratiko bat berreskuratu behar du, herritarrak irten daitezen Madurok ekarritako miseriatik”

Legebiltzarkide jeltzaleak konponbide politikoa, baketsua eta demokratikoa eskatu du, “Nicolás Maduroren erregimenaren despotismoaren, tiraniaren eta diktaduraren aurrean”. “Venezuelan denetik falta da eta herritarrak gosez hiltzen ari dira”, esan du

rss Ezagutzera eman
Iñaki Agirre: “Venezuelak sistema demokratiko bat berreskuratu behar du, herritarrak irten daitezen Madurok ekarritako miseriatik”

ARGAZKIA JAITSI

Venezuelako egoera politiko eta sozial larriaren aurrean, EAJ-PNVk presidentziarako hauteskunde garden, libre eta demokratikoak egitearen alde egin du, nazioarteko erakundeek ikuskatutakoak. Iñaki Agirre jeltzaleak aitortu du Venezuelako barne-egoera kezka handikoa dela, eta halaxe kalifikatu du Nicolás Maduroren erregimena: “despota, tiranoa eta diktatoriala”. “Venezuela egoera larrian dago aspalditik. Jendea gosez hiltzen ari da, herrialdetik ihes egiten du eta miseria bazter guztietara iritsi da. Zuzenbide Estatua desagertu egin da eta Madurok izatezko diktadura bat ezarri nahi du. Venezuelan ez dituzte Giza Eskubideak errespetatzen eta denetatik falta da: osasun-produktuak eta elikagaiak tarteko”. Hori dela eta, Venezuelako agintari guztiei dei egin die elkarrizketa politikorako prozesuari ekin diezaioten, hautesontzietan amaituko dena. EAJ-PNVren EBBk iragan urtarrilaren 9an baztertu zuen Maduroren presidentzia 2019-2025 aldirako “ez delako zilegia, ez baitu herritarren babesa lortu. Sistema demokratikoetan, herritarren gehiengoaren babes hori hauteskundeetan adierazten da, hauteskunde unibertsal, libre eta zuzenetan”. EAJ-PNVk babesa adierazi dio Asanblea Nazionaleko Presidenteari, Juan Guaidóri, “trantsizio prozesu bat lideratu dezan, ahalik eta azkarren hauteskunde demokratikoak ekarriko dituena, NBEk eta nazioarteko beste ikuskari batzuek babestutakoak”.

Ordezkari jeltzaleak azpimarratu du “uneoro bermatu beharra dagoela” bakea eta pertsona guztien integritatea, eta Venezuelako Indar Armatuei eta gorputz polizial eta armatuei eskatu die errespeta ditzatela Giza Eskubideak. “Eskatzen diegu ez dezatela indarkeria erabili bere herrikideen aurka. Exijitzen diegu defendatu ditzatela eta bermatu dezatela bakea pertsona guztientzat”.

Laguntza humanitarioak daukan blokeo-egoerari dagokionez –Maduroren erregimenak ez dielako kamioei sartzen uzten-, Agirrek konponbide bat eskatu du “ahalbidetzeko milaka pertsonak elikagaiak eta botikak izatea. Herrialdea aurrekaririk gabeko krisi sozialean dago, laguntza ahalik eta azkarren sartzen utzi beharra dago, jendea gosez hiltzen ari delako”. Agirrek gogoratu du 2012tik 2017ra BPGaren %38 galdu duela, eta iaz beste %18. “Maduroren erregimenak pobretu egiten du eta erabateko degradaziorako bidean doa”, amaitu du.

Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak ebazpen bat onartu du, presidentziarako hauteskunde libre eta demokratikoak egitea eskatzeko, eta Juan Guaidó babesteko trantsizio-prozesua lideratu dezan.  

Next Euskadi
Eusko Legebiltzarrerako 2020ko hauteskundeetarako EGITASMOA