Prentsa Aretoa

2018/11/16

Iñigo Iturrate: “Herenegunek gure historia hurbilaren errealitatea kontatzen du. Horrek ez du ez indarkeriarik ez terrorismorik justifikatzen”

Iñigo Iturrate legebiltzarkide jeltzaleak zenbait alderdi eta kolektibok egindako kritika neurrigabeak baztertu ditu. Izan ere, unitate didaktikoa irekia dago guztion ekarpenak jasotzeko, adostasun zabalena bilatze aldera. “Prozesu irekiak agerian uzten du erasoak injustuak direla. Edukia ona da, beti hobetu daiteke eta eztabaidaren fase horretan gaude orain”

rss Ezagutzera eman
Iñigo Iturrate: “Herenegunek gure historia hurbilaren errealitatea kontatzen du. Horrek ez du ez indarkeriarik ez terrorismorik justifikatzen”

ARGAZKIA JAITSI

Ikastetxeetako Historia irakasgairako Herenegun Unitate Didaktikoa azaldu dute gaur Eusko Legebiltzarrean Jonan Fernandez Giza Eskubideen Idazkari Nagusiak, Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak eta lanketan parte hartu duten hiru adituek: Juan Pablo Fusik, Mari Carmen Garmendiak eta Mariano Ferrerek. EAJ-PNVk eskertu egin du egindako lana, eta guztiek egindako ekarpena euskal gazteek gure historia hurbilera gerturatu daitezen, ezagutu eta horri buruzko gogoeta egin dezaten. Iñigo Iturratek esan duenez, programa hau bultzatzeak berezko balioa du, “serio eta zorrotz” erakusten baitu gure iraganaren aldi traumatiko bat. Gaineratu du ikuspegi argiaz egiten duela: giza eskubideen urraketek, urraketa guztiek, deslegitimazioa merezi dute. “Terrorismoa eta motibazio politikoko indarkeriak ez dira onargarriak, ezin dira justifikatu eta injustuak dira. Herenegunen edukietan argi dago jasota, eta beharrezko ekarpena da memoria politika publikoei eusteko”. 

Hori dela eta, nabarmendu du Euskadin azken 60 urteotan izandako indarkeriazko gertakariak ezin direla ezabatu; ez ETAren terrorismoa, larriena, ez GAL existitu izana, torturak edo Batallón Vasco Español. “Hori da Herri honen errealitatea eta hori kontatu behar zaie gazteei. Baina gertatutakoa kontatzeak ez du ezer justifikatzen. GAL edo torturak gertatu zirela esateak ez du ETAren indarkeria justifikatzen, ez eta bere historia zuritzen, ezta gatazkaren teoria babestu ere. Erakunde terroristak utzitako minaren historia azaltzeak ere ez du justifikatzen GAL sortu izana, edo tortura eman izana. Errealitateak ez du hori justifikatzen, baizik eta horrelakoak egin zituenek: errealitate hori darabiltenek beren iragana justifikatzeko eta zuritzeko. Arazoa da zenbaitek, iraganaren ispilu aurrean jartzen direnean, irudi itsusia eta desatsegina ikusi eta apurtzen saiatzen direla. Baina bizikidetza eraikitzeko, iragana ikusi ere egin beharra dago”.

 

Iturratek baztertu egin ditu zenbait talde politikok eta kolektibok neurriz kanpo egindako kritikak eta kanpaina suntsitzailea. Are gehiago, esan du, kontuan izaten badugu proiektuaren hasierako fasean gaudela, eta ez itxieran. Materialak irekita egon dira gaur arte ekarpenak jasotzeko, eta ekarpen horiek aztertu egingo dira akordio zabal bat lortze aldera. “Partehartze prozesua eredugarria, luzea eta berritzailea izan da. Benetakoa izan da, iradokizun asko jaso direlako. Ekarpen horiek aztertu egingo dira orain, unitatean txertatzeko. Uste dugu prozesu ireki honek agerian uzten duela erasoak injustuak direla. Herenegunen edukia ona da bere horretan, baina guztia bezala, hobetu daiteke eta hori da hemendik aurrera Eusko Jaurlaritzan duen zeregina”. Ekarpena egitea eta suntsitzea, amaitu du, aurkako kontzeptuak dira, eta eremu publikoan suntsitzeko saiakerak egon dira.