Prentsa Aretoa

2018/11/05

Iñigo Iturrate: “Herenegun proposamena da Eusko Jaurlaritzak indarkeria deslegitimatzea helburu duen ahalegin serioa”

Legebiltzarkide jeltzaleak salatu du talde politiko batzuek Herenegun proiektuaren kontrako kanpaina abian jarri dutela Euskal Exekutiboa desgastatzeko helburu bakarrarekin. “Kanpaina honek sumindura eragin dit. Oroimenean,bizikidetzan eta indarkeria deslegitimatzeko bidean aurrera egiteko proposamen argia da”, azpimarratu du

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVren Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkide eta koordinatzaileak aldeztu du gaur Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko erakundeek Memoria Hurbila izenarekin ezagutzen den garaia (1960-2018) aztertzeko bultzatu duten Herenegun hezkuntza programa. Iturratek baieztatu du ekimen honen helburu nagusia dela Euskadiko ikasleriak Euskadiko historia hurbilaren garai konbultsu eta bortitz hura ulertzea.

Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketan, ordezkari jeltzaleak deitoratu du hainbat talde politikok, “erantzun histerikoak” baliatuta eta Urkulluren Gobernua desgastatzeko helburu bakarrarekin, proiektu honen kontra abiarazi duten kanpaina. “Sen onez jokatu nahi dut, baina benetan haserre nago proposamen honen aurrean eman diren jokaera eta erreakzioengatik, gobernuak eta erakundeek abian jarri duten ahalegin serioa delako oroimena eraikitzeko eta herri honek hamarkadetan pairatu dituen terrorismoa eta indarkeria deslegitimatzea xede”, esan du.

Iturratek uste du Herenegun dela bizikidetza eraikitzeko helburuarekin Euskadiko ikasgeletatik egiten den hurbilketa egokia, material didaktikoen egokitasuna egiaztatuta dagoelako eta, gainera, ekimen honetan parte hartzen duten pertsonek balore demokratikoekiko konpromisoa eta terrorismoaren kontrako jarrera argi eta garbi erakutsi dutelako- Juan Pablo Fusi, Mari Carmen Garmendia eta Mariano Ferrer gogoan -. “Lanerako materiala benetan duina da eta orain arte egin ez den parte hartze prozesuaren baitan dago. Oraindik eztabaida aldian gaude eta ekarpenak jasotzeko prest. Dena hobetu daiteke eta gobernuak ateak irekita ditu proposamenak eta ekarpenak jasotzeko. Hori dela eta, ez dut ulertzen nondik datorren Eusko Jaurlaritzaren kontra hasi den kanpaina hau, guztiz lekuz kanpo dagoelako”, azpimarratu du Iturratek.

Euskadiko aurrekontuak

Iñigo Iturratek konbentzituta esan du Eusko Jaurlaritzak 2019rako aurkeztu duen Aurrekontu Egitasmoa ona dela euskal hiritargoaren interes eta beharrizanei erantzuteko. “Aurrekontu hauek onartzea espero dugu. Aurrekontu onak dira, partida handi bat (%77,9) gastu sozialera dedikatzea aurreikusten dute eta oso konpromiso sendoa daukate herri honen errealitate ekonomikoarekin, igoerak aurreikusten baititu azpiegitura proiektuetarako inbertsioetan (%7) eta I+G+B sektorean (%6); baina, gauza guztien gainetik, pertsonei erreparatzen dieten aurrekontuak dira, beren arazo eta beharrizanei”, esan du.

Dena dela, ordezkari jeltzaleak era berean baieztatu du gainerako legebiltzar taldeek, hainbat arrazoirengatik, nolabaiteko “zorabioa” sentitzen dutela akordio bat adosteko eta aurrekontuak hitzartzeko aukeraren aurrean. Zentzu honetan, Iturratek oposizioko taldeei eskatu die are konpromiso serioagoa eta errealagoa erakustea aurrekontuen inguruko negoziaketari ekiteko orduan- bihartik aurrera -asteartea- eta ostegunera arte Eusko Legebiltzarrean agerraldiak egingo dira sailez - sail eta gainerako alderdiei eskatu die aurrekontuen markoa ez ezik, eskumen markoa gaindituko ez duten ekarpenak edo proposamenak planteatzea.