Prentsa Aretoa

2018/10/22

Jone Berriozabal: “Akordio politikoa berebizikoa da gure hezkuntza sistema eguneratuko eta bikaintasunera eramango duen Hezkuntza Lege berria egiteko”

Legebiltzarkide jeltzaleak talde guztiei eskatu die erantzukizunez jokatzea “elkarrekin eta etorkizunerako ikuskera batekin” gizarte gisa ditugun erronkei erantzungo dien hezkuntza sistema berria eraikitzea xede. “Hezkuntza da gizartearen motorea. Arlo honetan egingo den akordioa onuragarria izango da Herri osoarentzat”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Eusko Legebiltzarrak bilkura monografikoan eztabaidatu du gaur “Hezkuntzaren aldeko Akordioa: Akordioaren Oinarriak” izenburuko agiria, Eusko Jaurlaritzaren lidergopean hezkuntza eragileekin eta sindikatuekin egina izan dena. Etorkizuneko hezkuntza sistema eraikitzeko akordioa, ekitatean, kalitatean, gizarte kohesioan eta modernotasunean oinarrituta. Agiri hau egongo da etorkizuneko Hezkuntza Legearen oinarrian, eta etorkizuneko erronkei aurre egiten eta unean uneko errealitateetara moldatzen lagunduko digu.

Jone Berriozabal legebiltzarkideak talde guztiei eskatu die erantzukizunez jokatzea elkar ulertzera begira, akordio zabala lortzeko eta gaurko egunetara moldatutako Hezkuntza Legea idatzi ahal izateko. “Denon ardura da lan egitea eta hezkuntzari buruzko akordioetara iristea. Administrazioak eta hezkuntza erkidegoak lehen urratsa eman dute, hemendik aurrera legebiltzar taldeen artean eztabaidatu beharko ditugun oinarriak adostuz. Ezberdinen arteko adostasuna ezinbestekoa da hezkuntzaren inguruko akordioa euskal gizarte osoarentzat onuragarria izango delako”. Jone Berriozabal legebiltzarkide andreak alderdi guztiei luzatu die eskua, alderdikeriak eta borroka partidistak alde batera utzita, zintzotasun osoz eta erantzukizunez lan egiteko  eta elkarrizketa eta akordio esparru horiek lantzera begira.

“Hezkuntza administrazioak entzuteko,negoziatzeko eta hitzartzeko prest dagoela erakutsi du, eta ziur gaude hori berori izango dela etorkizunean ere izango duen jarrera, hezkuntza delako herri gisa daukagun erronkarik nagusienetakoa, eta hala jasota dagoelako gure Gobernu egitasmoan, Iñigo Urkullu Lehendakari jaunak behin eta berriz aldarrikatu duen moduan. Hezkuntza da elementurik garrantzitsuenetakoa gizarte osoak eta gizabanakoek aurrera egin dezaten”. Hortik dator taldeei egin zaien eskakizuna bakoitzaren interesak hezkuntza sistemaren beraren interesen gainetik jar ez ditzaten. Denak gara beharrezko, gaineratu du, aniztasunean eta ideien askotasunean datzalako aberastasuna.

Talde jeltzalearentzat, hezkuntzaren helburua da ikasleriari prestakuntza integrala ematea, elkarbizitza,elkartasuna,berdintasuna, giza eskubideak eta aniztasunarekiko errespetua sustatuz. Kalitatezko heziketa jasotzea, azpimarratu du Berriozabalek, herritargoak daukan eskubidea da eta, aldi berean, Administrazioaren derrigorra ere bai. Hezkuntza ondasun publikoa dela abiapuntu hartuta, baieztatu du, gure hezkuntza sistemak kohesio,errespetu,elkarrizketa eta justizia printzipio horiek babestu behar ditu.

 

EAJ-PNVk bere egin du “Hezkuntzaren aldeko Akordioa: Akordioaren Oinarriak” izenburuko agiria, eta prozesu honetan parte hartu duten eragile eta pertsona guztiei eskertu dizkie bidean erakutsi dituzten konpromisoa,lana eta dedikazioa. “Gaur are agiri askotariko eta aberatsagoa daukagu; jarrai dezagun legebiltzar honetan eztabaida aberasten”.

Alderdi Eguna 2018
Jarrai ezazu Gurekin
Next Euskadi
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA