Prentsa Aretoa

2018/10/07

Iñigo Iturrate eta Ana Oregik Kataluniako prozesuan espetxeratutako buruzagiak bisitatuko dituzte, eta aske uztea eskatuko dute

Eusko Legebiltzarraren agindua betez, Ganberaren ordezkaritza bat Kataluniara joango da astelehenean, preso dauden pertsonen egoera eta oinarrizko eskubideekiko errespetua egiaztatzeko. “Askatasuna badaezpada kentzea neurri desproportzionatua da, erabat injustua, eta berehala bertan behera utzi beharra dago”

rss Ezagutzera eman
Iñigo Iturrate eta Ana Oregik Kataluniako prozesuan espetxeratutako buruzagiak bisitatuko dituzte, eta aske uztea eskatuko dute

ARGAZKIA JAITSI

Iñigo Iturrate eta Ana Oregi legebiltzarkideek espetxeratutako bederatzi buruzagi katalanak bisitatuko dituzte astelehenean eta asteartean. Buruzagi horiek ia urtebete daramate aldi baterako espetxeratuta. Berehala aske uztea eskatuko dute. “Askatasuna kentzea erabateko gehiegikeria da, eta ez du inolako justifikaziorik. Pertsona horiek ez lirateke kartzelan egon beharko, beren herriko herritarrekin hartutako konpromisoa bete baino ez baitute egin”. Iturrateren ustez, politika etengabe judizializatzeak egoera ilogikoetara eraman gaituzte, amorrua eta elkarrizketa eza nagusi diren egoera batera. “Ez dago ekimen politikorik edo keinurik egungo egoera lasaitzeko eta bide politikoak berraktibatzeko, eta hori kezkaz ikusten dugu”, adierazi du Iturratek. Hori dela eta, espetxeratze prebentiboa amaitzea eskatu du, eta garai berri bati ekitea Katalunian, aldeen arteko ulermena eta elkarrizketa ahalbidetuko dituena. “Gaur bihar baino hobe, eta denbora larregi galdu bada ere, inoiz ez da berandu hitzari eta akordioari aukera bat emateko”.

Kataluniako espetxeetako bisitak Legez Besteko Proposamen bati erantzuten dio, iragan ekainaren 13an Giza Eskubideen Batzordean onartutakoa. Sozialista eta popularren aurkako botoa izan arren, Legebiltzarrak konpromisoa hartu zuen Kataluniako prozesuko buruzagi espetxeratuen kartzelak bisitatzeko, beren egoera aztertzeko eta oinarrizko eskubideak betetzea bermatzeko. Iñigo Iturrate eta Ana Oregirekin batera (Giza Eskubideen Batzordeko presidentea da Oregi) bertan izango dira EH Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeetako ordezkariak. Legebiltzarraren ordezkaritzak hainbat buruzagi bisitatuko ditu: Generalitateko presidenteorde ohia, Oriol Junqueras; Jordi Turull, Joaquim Forn, Raül Romeva, Josep Rull eta Dolors Bassa conceller ohiak; Parlament-eko presidente ohia, Carme Forcadell eta Òmnium eta ANCko presidenteak, Jordi Cuixart eta Jordi Sànchez.