Prentsa Aretoa

2018/10/04

Jone Berriozabal: “Sentsibilitatea daukagu ekitate- eta inklusio-eskariarekin. Hezkuntza Legeak sistemaren erronka horri eta beste batzuei erantzungo die”

EAJ-PNVk baztertu egin du hezkuntza sistemaren kohesio handiagorako Herri Ekimen Legegilearen tramitazioa, uste baitu eskari hori jasota geratuko dela sistema osoa birformulatuko duen legean. Hezkuntza Sailak lege horretan lanean dihardu. “Bat gatoz, eta Eusko Jaurlaritza ere bat dator, hezkuntza sistemaren oinarri nagusietako bat ekitatea izan behar dela. Sustatzaileekin bat gatoz helburuan, baina ez aukeratu duten tresnan. Uste dugu egokiagoa dela lege integral baten alde egitea”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

”Hezkuntza Sailak aspalditik dihardu euskal hezkuntza sistema birformulatzeko prozesuan lanean, etorkizuneko erronken aurrean prestatzeko eta bikaintasunerantz bidean jartzeko. Zalantzarik gabe, Jaurlaritza aztertzen ari da inklusioaren erronka, eta gai horretan lanean ari da. Dagoeneko jarri ditu neurriak abian, eskola sozialki inklusiboagoaren, orekatuagoaren eta kohesionatuagoaren alde. Ondorioz, Herri Ekimen Legegilea sustatu dutenen kezkak Eusko Jaurlaritzaren kezkak ere badira, eta baita ordezkatzen dudan alderdiarenak; kezka horien oinarrian helburu batzuk daude, eta horietan lanean dihardu Jaurlaritzak. Helburu horiek etorkizuneko Legean jasoko dira, eta funtsezko beste gai batzuekin batuko eta integratuko ditu Jaurlaritzak, horren gainean oinarritzeko gure hezkuntza sistema”. Hori dela eta, Berriozabalek nabarmendu duenez, “sentsibilitatea daukagu eskari horren aurrean. Kezkatu egiten gaitu. Hauteskundeetara eramandako egitasmoan jasota genuen, eta beraz, Eusko Jaurlaritza animatzen dugu jarrai dezan behar beste ekimen sustatzen, ikasle atzerritarren eta zailtasun sozioekonomikoak dituztenen eskolaratzeko desorekak ekidite aldera”.

Argumentu horri helduta defendatu du Jone Berriozabal legebiltzarkideak bere taldearen aurkako bozka, Herri Ekimen Legegilea aintzat hartzearen aurkakoa. Esan duenez, bat egiten dugu proposamenaren helburuarekin, eta defendatu ere egiten dugu: eskola inklusiboagoa eta berritzaileagoa lortzea, bikaintasunerantz aurrera egingo duena.

“Plataforma batek, zilegitasun osoz, proposamen bat egin du. Baina proposamena egitea bezain zilegi da horrekin bat ez egitea, egokia ez dela uste badugu. Helburuarekin bat gatoz, baina ez tresnarekin. Errespetatu egiten dugu sinatu dutenen iritzia, eta horrexegatik ere, errespetua exijitzen dugu bozkatu gaituzten 398.168 herritarrentzat, libre eta konstzienteki egin baitute, guk Ganbera honetan ordezkatzeko”, esan du.

Berriozabalek gogora ekarri ditu EAJ-PNVk euskal herritarrekin azken hauteskunde autonomikoetan hartutako konpromisoak, eta horietako bat zen, hain zuzen ere, ikastetxeetan oreka, kohesio, interkulturalitate eta elkarbizitza gehiago lortzea (17.1 konpromisoa). “Gure printzipio inspiratzailea, eta Jaurlaritzaren jarduna gidatzen duena, sistemaren kalitatean aurrera egitea da, eta horretarako, ekitatea, gizarte kohesioa, aniztasunarekiko errespetua eta bizikidetza sustatzea, betiere, ikasleak izanik sistemaren ardatz. Hori da gure konpromisoa, gizartearekin dugun konpromisoa”.

Ordezkari jeltzaleak errepasatu egin ditu Cristina Uriarte buru duen Sailak abian jarritako planak eta ekintzak, eskola inklusiboaren eremuan; eta gaitzetsi egin du Administrazioa geldirik dagoela baieztatzen dutenen jarrera. Dagoeneko gauzatzen ari diren neurri batzuk nabarmendu ditu, emaitza oso positiboak lortzen ari direnak: Hamaika Esku programa, ikasle atzerritarren arretarako bigarren plana, langileak egonkortzeko mahai sektorialeko akordioak edo Hezkuntza Premien Adierazlea ezartzea. “Herri Ekimen Legegilea ez eztabaidatzeak ez du esan nahi gaiak bost axola digunik. Alderantziz, goitik behera: ekintzek erakusten dute euskal hezkuntza sistemaren kohesioa gure lehentasunen eta jardueren artean dagoela”. Hori dela eta, gaineratu du, Saila lege berrian lanean ari da, Jaurlaritzaren egutegi legegilea betez. Lege horrek hezkuntza sistema osoa definituko du, eta helburuen artean izango du gaur eskatzen ari dena. Hile berean, esan du, “Hezkuntzarako Oinarrien Akordioa” eztabaidatuko dugu Ganberan, etorkizuneko legea inspiratuko duen akordioa. “Esparru horretan guztiok ahal izango dugu ideiak alderatu, lan egin eta adostu; elkarrekin eraiki etorkizuneko premia eta erronkei erantzungo dien eredu bat”.