Prentsa Aretoa

2018/05/24

Joseba Zorrilla: “Ezkerraldea, Meatzaldea eta Oarsoaldea eskualdeek lehentasuneko arreta behar dute; erakunde guztiek indartu egin behar dute sozialki eta ekonomikoki berreskuratzeko borondatea”

Euskal Ganberaren Osoko Bilkurak aho batez onartu du ponentziaren txostena, eskualde hauen egoera sozioekonomikoa aztertzen duena. Gune horietan ekonomia berreskuratzeko erakundearteko plana ere eskatu dute; eta, eskualde horren alkateek adierazi dutenez, egun “pozgarria” da

rss Ezagutzera eman
Joseba Zorrilla: “Ezkerraldea, Meatzaldea eta Oarsoaldea eskualdeek lehentasuneko arreta behar dute; erakunde guztiek indartu egin behar dute sozialki eta ekonomikoki berreskuratzeko borondatea”

ARGAZKIA JAITSI

Joseba Zorrilla legebiltzarkide jeltzaleak adierazi duenez, Ezkerraldea, Meatzaldea eta Oarsoaldea –Enkarterri ahaztu gabe- dira Euskadiko inguru kalteberenak, Europar Batasunak ere halaxe izendatu bezala, pairatutako arazoen antzekotasunak direla eta. “Eta hori guztia kontuan izanik, ondorioztatzen dugu 80. hamarkadatik hona inguru kaltetuotan bultzatutako hobekuntza-politikak ez direla nahikoak izan. Erakunde guztietatik neurri koordinatuak hartzen jarraitu beharra daukagu, egoera hori geldiarazi eta irauli ahal izateko”, esan du.

Hori dela eta, ordezkari jeltzaleak apustu argia egin du aukerak dituzten proiektuak garatzearen alde, eskualdeekin beraiekin adostuta, enplegua eta ongizatea sortzeko, eta eskualdeotako herritarren bizi kalitatea hobetzen laguntzeko. “Politika komunak koordinatu behar ditugu industriaren garapenerako, formakuntzarako, eskuhartze komunitariorako, eta abar…”. Ondorioz, Ezkerraldeak, Meatzaldeak, Enkarterrik eta Oarsoaldeak lehentasuneko arreta behar dute. Erakunde guztiek beren borondateari eutsi eta borondate hori indartu behar dute, eskualde horiek sozialki eta ekonomikoki berreskuratze aldera.

Zorrillak azaldu duenez, inguru horietan birgaitze-prozesu handiak behar dira urbanistikoki, ekonomikoki eta sozialki, eta baliatu egin behar da Europar Batasunak gune behartsu izendatu izana, ingurua dinamizatzea ahalbidetuko duten mekanismoak artikulatzeko eta, gure mugetatik haratago, beste erakunde batzuk inplikatuz. “Funtsezko deritzogu minimoen akordio bat, inguru horietako bakoitzaren diagnostikoari eta lehentasunei buruzko ikuspegi partekatu baten inguruan”.

Eskualde-planteamendu horretatik abiatuta –diagnostikoaren eta lehentasunen ikuspegi partekatutik abiatuta-, Zorrillak esan duenez, beharrezkoa da bi jarduera mota egitea. Batetik, Eraso Plan bat, hiru hileko epe orientatiboan, egungo premiei berehala erantzuteko, politika sozialekin koordinatuta. “Eraso Plan horren baitan, erakundearteko funts berezi bat sortzea proposatzen da, inguruotako pertsonen formakuntzarako eta enplegurako”.

Eta, bestetik, urtebeteko epean, Berraktibatze Sozioekonomikorako Erakundearteko Plan Estrategiko bat, partehartzailea eta transbertsala, non lekua izango duten Europar Batasunak, Estatuko Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Udalek, eta baita ere eragile ekonomiko eta sozialek. “Ardatza nagusia industria eta enplegua izan behar da. Hala ere, neurriak hartu behar dira baita ere beste alor batzuetan: gizarte politikak, hezkuntza, formakuntza, etxebizitza, hiri biziberritze edo birgaitzea, ondarea, azpiegiturak, turismoa, merkataritza, garraioa, ingurumena, kultura, eta abar”, amaitu du Zorrillak.

Aukerak dituen eskualdea

Meatzaldea eta Enkarterriko alkateak Eusko Legebiltzarrean izan dira gaur: Amaia del Campo (Barakaldo), Josu Bergara (Sestao), Borja Liaño (Muskiz), Saulo Nebreda (Ortuella), Xabier Cuéllar (Trapaga), eta Maite Etxebarria (Abanto-Zierbana). Ponentziaren txostena onartu ondoren, prentsa aretoan “ilusio handiko” eguna dela adierazi dute.

“Erabaki honek etorkizuneko erronka dakar, konpromiso handikoa. Zailtasun handiak dauzkagu gure udalerriotan, enpresak desagertzearen ondorioz. Pertsona langabetuen formakuntzan saiatuko gara, gure inguruan aukerak sortzeko. Horretarako, plan partehartzaile eta transbertsal bat bultzatuko dugu”, adierazi du Amaia del Campo Barakaldoko Alkateak.

Eskualdearentzako aukera handiak nabarmendu ditu Del Campok, eta euskal Ganberaren ahalegina eskertu du –baita beste erakunde batzuena ere, Bizkaiko Batzar Orokorrak, tarteko-, “helburua da gure lurraldea enpresa berrientzat aukeren inguru gisa erakustea”.