Prentsa Aretoa

2018/04/12

Egibar: “EAJ-PNVk argi du bere ikuspegia: ez bakarrik autogobernuari eutsi, baizik eta areagotu eta sendotu”

Bozeramaile jeltzaleak uste du legebiltzar-taldeek sintesi bat adostu behar dutela, baina “betorik gabe”; eta horrela, euskal autogobernua defendatu, herri gisa izaera juridiko-politikoa lortzen lagunduko duten tresnak eskuratuz

rss Ezagutzera eman
Egibar: “EAJ-PNVk argi du bere ikuspegia: ez bakarrik autogobernuari eutsi, baizik eta areagotu eta sendotu”

ARGAZKIA JAITSI

Eusko Legebiltzarrak Gobernu zentralari eskatu dio lan-egutegi bat aurkez dezala, sei hileko epean, Gernikako Estatutua “goitik behera” betetzeko, eskualdatzeke dauden eskumenak Euskadira transferituz: Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa eta espetxeen kudeaketa, besteak beste.

Egibarrek nabarmendu du EAJ-PNVk argi duela bere ikuspuntua, “ez bakarrik egungo autogobernuari eustekoa, baizik eta areagotu eta sendotzekoa”; eta, horretarako, esan du “herri gisa tresnak behar ditugula, herri gisa dugun nortasun politiko hori aitortu eta etorkizunean ere bermatzea ahalbidetuko digutenak. Jakina, kontuan izanik gizarte baten zerbitzura gaudela: gizon eta emakumeak, gazte eta nagusiak, eskubide zibil, politiko, ekonomiko eta sozialak dituztenak”.

Bozeramaile jeltzaleak beharrezkotzat jo du Eusko Legebiltzar osoak “nork bere posizioetatik, saiakera egin behar duela ahalik eta sintesi handiena egiten”; eta gainera, nabarmendu du hori “ahalik eta akordiorik zabalenaren bidez egin behar dugula, baina betorik gabe, eta ea adostasun horretan noraino hel gaitezkeen”.