Prentsa Aretoa

2018/03/22

Amaia Arregi: “Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak ezin ditu bete Estatuko Gobernuak pentsio-sistema publikoan sortutako hutsune guztiak”

Amaia Arregi legebiltzarkideak EH Bilduri eta Podemosi leporatu die espektatiba faltsuak sortzen dihardutela. Izan ere, pentsioak 1.080 eurora igotzeko proposamena ez da teknikoki eta ekonomikoki bideragarria. “Euskal erakundeak lanean ari dira, eta pentsio baxuenak osatzen ari dira 16.000 euskaldunei. RGIaren bitartez pentsio guztiak osatzea ezin du bere gain hartu inongo autonomia erkidegok. Asmo hori hutsalkeria eta arduragabekeria bat da

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Pentsioak igotzearen ardura Madrilen dago, eta han jarraituko du, harik eta espainiar Gobernuak Gernikako Estatutua bete arte, eta Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa Euskadira eskualdatu arte”. Amaia Arregi legebiltzarkideak baieztatu duenez, PPk pentsioen alorrean egindako kudeaketa negargarriaren ardura ezin zaie euskal erakundeei leporatu. PPk ez dio arazoari erantzun, eta beharrezkoak dira “aurreikuspenak, benetako finantzazio-iturriak eta akordioa”. Adierazi duenez, sistema publikoa defendatzen dugu, pentsio nahikoak bermatuko dituena, ez erregresiboak, KPIren arabera eguneratutakoak, eta eskumena izan ez arren, “pentsiorik baxuenak duintzeko lan egin eta baliabideak jartzen ditugu”. Horrela, 16.000 pentsiodun baino gehiagori osatzen dizkie Eusko Jaurlaritzak beren pentsioak, Diru sarrerak Bermatzeko Errentaren bidez. Parlamentari jeltzaleak gogoratu du laster Iñigo Urkulluren Exekutiboak aldaketa-proposamen bat igorriko duela Legebiltzarrera, Diru Sarrerak Bermatzeko Legea aldatzeko, helburu izango duena efizienteago izatea, eta aurreikusi gabeko egoera eta errealitateetara iristea. 

“Espainiar Gobernuak bere eskumenetan egiten duen utzikeriak ezin du ekarri Euskadik erantzun behar izatea tamainako arazo bati. Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak ezin ditu beste gabezia guztiak bete, prestazio horren helburua bestelakoa delako: ahultasun egoera puntual bat arintzea”. Arregik EH Bilduri eta Podemosi eskatu die (RGIaren bidez pentsioak 1.080 eurora arte osatzeko proposamenaren harira) ez dezatela “espektatiba faltsurik sortu, eta ez ditzatela saldu teknikoki bideragarriak ez diren promesarik”. Hori dela eta, hertsatuki eskatu die azaldu dezatela nondik lortuko dituzten baliabide ekonomikoak, nondik kenduko duten dirua, eta zein den bideragarritasuna. Hori zehazten ez duten bitartean, gaineratu du, hutsalkeria baino ez da izango. 

“Hitz egiteko prest gaude, alderdikeriak baztertzeko prest, pentsioen sistema publikoa nahikoa eta iraunkorra izan dadin”. Arregik Ganberako talde guztiei adierazi die EAJ-PNVk konpromisoa duela Kongresutik lan egiteko “erantzun errealistak emateko”, pentsioen zerbitzu publikoa mantentzeko dauden erronka handien aurrean; eta berretsi du behar ukaezina dela EAEra eskualdatzea Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa, “Euskadin hobeto kudeatzen dugulako”.