Prentsa Aretoa

2018/03/16

Joseba Zorrilla: “Kiroleko indarkeria arazo globala da, eta prebentzioa eremu guztietan landu beharra dago: erakundeetan, familian, klubetan, UEFAn eta federazioetan”

Talde jeltzaleak uste du gai hau Europa osoko segurtasun politika komunekoa dela, eta erakunde eta kirol entitate guztiei eskatu die indarkeriazko jokabideen aurrean prebentzioa, kontrola eta zigorra landu dezaten

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Eusko Legebiltzarrak proposamen bat onartu du, kiroleko indarkeria prebenitzeko eta San Mamesen Athletic eta Moskuko Spartak taldeetako zaleen artean izandako istiluen inguruan. Proposamenaren alde bozkatu dute EAJ-PNVk, PSE-EEk eta PPk, eta abstenitu egin dira EH Bildu eta Elkarrekin Podemos. Testuak gaitzetsi egiten ditu izandako istilu larriak, eta “atsekabea eta elkartasuna” adierazten die Ertzaintzari eta zerbitzu-egintzan hildako Inocencio Alonso ertzainaren familiari. 

“Kirola esfortzuaren eta lehia garbiaren sinboloa da, eta bere baloreak lotuta daude errespetuarekin, tolerantziarekin, kiroltasunarekin eta diskriminazio ezarekin. Bilbon izandako indarkeriazko gertaerek ez dute lekurik kirolean, eta gure erabateko gaitzespena merezi dute, euren jatorria edozein delarik ere. Kiroleko indarkeria arazo globala da, eta horri aurre egiteko ikuspegi globala ere behar da”. Halaxe defendatu du Joseba Zorrilla legebiltzarkideak estamentu eta erakunde publiko guztiek elkarlanean aritzeko beharra, neurriak hartzeko indarra darabiltenen aurrean prebentzioa sustatzeko, kontrola indartzeko eta horiek zigortzeko. Athleticen azken partidetan gertatutakoak, eta beste zelai batzuetan gertatutakoak, “ez dute inolako zerikusirik kirolarekin, kiroletik oso urrun daude, eta beste eremu batera pasatzen dira, segurtasunarekin eta ordena publikoarekin lotutakoa”. 

Hori dela eta, gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzaren eginkizuna indarkeria desagerrarazteko eta prebenitzeko politika publikoak ezartzeko, eta defendatu du euskal kirol klubek “beren Estatutuetan neurri zehatzak jaso ditzaten, ekiditeko beren masa sozialetan kirolaren balioen kontrako indarkeriazko jokabideak dituzten pertsonak egotea”. Halaber, eta indarkeria desagerrarazteko eremu guztiak inplikatuta, talde jeltzaleak fokoa jarri du Indarkeriaren kontrako Estatuko Batzordean eta horrek duen zigor-ahalmenean. “Organismo horrek, zigortzeaz gain, bermatu beharra dauka kirolguneetarako sarbidea debekatzea indarkeria erabili duten pertsonei”. 

Segurtasun Sailak Brigada Mugikorra eta bertan lan egiten dutenen lan-baldintzak hobetzeko Ertzaintzako sindikatuekin irekitako negoziazioei dagokienez, Zorrillak alderdi politikoetako ordezkariei eta sindikatuetako ordezkariei eskatu die “alboratu ditzatela elkarrizketak laguntzen ez dituzten adierazpenak. Sailak eta sindikatuek hitz egin beharra daukate, eta akordioetara iritsi, eskumenen eremua eta bakoitzaren funtzioak errespetatuta”. Azken helburua da, amaitu du, ertzainen onura bilatzeaz gain, euskal gizartearen segurtasuna bermatzea.