Prentsa Aretoa

2018/01/20

Iñigo Iturratek Giza Eskubideen egoera aztertu eta bake-prozesua babestuko du Kolonbiara egingo duen bidaian

Euskal ordezkaritza batek astebetez aztertuko du Giza Eskubideen aldeko aktibista baten egoera, eta ordezkaritza horretan hartuko du parte EAJ-PNVren parlamentariak. Aktibista hori Euskadira etorri zen, bere herrian heriotza mehatxuak jasan ondoren. Misioak elkarrizketak izango ditu ordezkari instituzional eta politikoekin, bake prozesuaren aurrerapenak ikusteko

rss Ezagutzera eman
Iñigo Iturratek Giza Eskubideen egoera aztertu eta bake-prozesua babestuko du Kolonbiara egingo duen bidaian

ARGAZKIA JAITSI

Iñigo Iturrate da gaur Kolonbiara doan euskal ordezkaritzako kideetako bat. Helburua da Richar Nelson Sierra aktibistaren egoerari jarraipena egitea. Lurralde-defentsaren alde eta bere komunitatearen Giza Eskubideen eta alde lan egiteagatik erasoak eta jazarpena pairatu zituen bere herrian. Hori dela eta, Euskadin jaso genuen iaz. Ordezkaritzak ikuskatuko du nola gauzatu den Kolonbiara itzultzeko fasea, eta bere bizitzarentzako arriskuak jarraitzen duen. Era berean, babes instituzionala erakutsiko die oraindik ere aktibismoaren ondorioz eta funtsezko eskubideen urraketak salatzearen ondorioz jazartuta jarraitzen duten pertsona guztiei.

“Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak 70 urte beteko ditu aurten. Ordutik hona gizarte justuago, askeago eta baketsuago baterako zutoinak eraiki ditugu. Baina mehatxuek bere horretan darraite, eta Kolonbia horren lekuko argia da”, adierazi du legebiltzarkide jeltzaleak. Herri horretan, iaz, Giza Eskubideen 170 defendatzaile eta lur-eskatzaile erahil zituzten, inpunitate osoz. Gertakari hori larria dela gaineratu du, eta horrek gure arreta, lana eta ahalegina merezi du. “Gure eskubideen alde borrokatu beharra daukagu, baina baita gainontzekoen eskubideen alde, gure alboan bizi direnen eskubideen alde, eta hemendik kilometro askora daudenen alde ere bai. Kolonbiara gatoz Richar Nelsonen egoera pertsonala ezagutzeko, baina baita konpromisoz jarduteko eta kontzientzia hartzeko. Ordezkaritzak hainbat topaketa egingo ditu erakundeekin, ordezkari politikoekin, diplomaziarekin eta gizarte eragileekin. Topaketa horietan Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programa ezagutzera emango dute, eta prebentziorako, laguntzarako eta babeserako mekanismoak indartzea eskatuko diete.

BAKE PROZESUA KOLONBIAN

Misioak Kolonbian izango dituen elkarrizketek balioko dute lehen eskutik ezagutzeko bake prozesuaren aurrerapenak eta ematen ari diren erronka eta zailtasunak. Iturrateren ustez, bidai hau “aukera paregabea da bake eta bizikidetzaren  alorreko esperientziak partekatzeko, jakinik Euskadiko eta Kolonbiako egoerak erabat desberdinak direla”. Prozesuarekiko EAJ-PNVren babesa erakutsiko die ordezkari jeltzaleak agintari eta ordezkariei, eta baita arrakasta izateko itxaropena ere. “Kolonbia atzean uzten ari da mende erdia baino luzeagoa izaten ari den gatazka armatua, milaka biktima utzi dizkiguna. Ilusio eta eraldaketa garaia da orain, eta arazoek elkarrizketa asko, borondate irmoa eta denbora luzea eskatzen dute”. Iturratek espero du elkarrizketari berriro ekingo diotela, eta bi aldeek, Kolonbiako Gobernua eta Askapen Nazionalerako Armada (ELN) berriro elkarrizketarako aukerak irekiko dituztela, herrialdean bakea finkatzeko.

Hilaren 27ra arte egongo da ordezkaritza Kolonbian, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria buru dela, eta parte hartzen dutelarik Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako kideak, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko parlamentariak eta programa horretan parte hartzen duten elkarteetako partaideak: CEAR-Euskadi eta Mugarik Gabe.