Prentsa Aretoa

2018/01/11

Joseba Egibar: “Erabakitzeko eskubidea ukatzen dutenek uko egiten diote gure herriaren existitzeko eskubideari eta bere eskubide historikoak eguneratzeari”

Uste du Puigdemont “asmatzen ari dela, Estatua agerian utzi biaitu EBren aurrean”. Bere esanetan, “Presidentea espetxeratuta aukeratzera behartzen duen Estatua urrun dago estatu demokratikoa izatetik”

rss Ezagutzera eman
Joseba Egibar: “Erabakitzeko eskubidea ukatzen dutenek uko egiten diote gure herriaren existitzeko eskubideari eta bere eskubide historikoak eguneratzeari”

ARGAZKIA JAITSI

Bozeramaile jeltzaleak azaldu du EAJk autogobernua eguneratzeko helburua duela, “Euskal Herriak duen nazio-izaeraren adierazpen gisa”. Adierazi duenez, “Eskubide Historikoak garatu eta eguneratu nahi ditugu, herritarrek libre eta demokratikoki adierazitakoan oinarrituta”. Hori dela eta, ziur da erabakitzeko eskubidea dela “euskal erakunde-sistemak oraina eta etorkizuna bermatzeko behar duen tresnetako bat”.

“Erabakitzeko eskubidea da herri gisa ardurak hartzea, gure gizartearen orainari eta etorkizunari eragiten dizkioten erabakietan, herritar guztiei eragiten dietenetan, eremu guztietan: ekonomikoa, soziokulturala, hezkuntzakoa, asistentziala, identitatea, euskara, kultura, nazioarteko harremanak, eta abar”, nabarmendu du, eta baieztatu duenez “autogobernu hori eguneratu nahi dugu, eta Espainiako Gobernuaren eta Kontituzio Auzitegiaren interpretaziotik kanpo egongo den tresna politiko gisa ezarri”.

Puntu horretan, jarraitu duenez, “erabakitzeko eskubidea ukatzen duenak uko egiten diola, baita ere, gure herriaren existitzeko eskubideari; eta ondorioz, baita eskubide historikoen balizko eguneratzeari”.

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Ponentziaren inguruan, berretsi du EAJ prest dagoela “akordioa ahalbidetzeko beharrezko guztia egiteko”. Akordio horien balizko oinarriez galdetuta, zera erantzun du: “herri baten existentziaren aitortzan oinarrituta, eta Eskubide Historikoen eguneratze horretan, zeinaren lotura eta oinarria baiten herritarrek libre eta demokratikoki adierazitako borondatea. Erabakitzeko eskubidea, alegia”. “Oinarri horretatik abiatuta, erabakitzeko eskubidearen ariketa adostu dezakegu”, gaineratu du.

Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean egin ditu adierazpen hauek Joseba Egibarrek. Katalunian gertatzen ari denak Euskadiren autogobernuan izan dezakeen eraginaz ere galdetu diote. “Eragina du, argi eta garbi uzten baitu Estatuaren lurralde-eredua krisian dagoela. Diseinu horrek porrot egin du, eta une honetan, horri heldu beharra dago: 1978an ez zen konponbiderik egon errealitate nazionalentzat –Euskadi, Katalunia eta Galiziarentzat-.

Aipatu duenez, “Kataluniakoa abixu bat da, inork ez dezan hartu onartuko ez duten biderik”. Hori esanda, iragarri du “datozen hilabeteotan –eta hanka sartzea espero dut- Kataluniako subiranotasunaren auzipetzea ikusiko dugu”. Izan ere, “espainiar Gobernua ere gainditzen duen Estatu-estrategia bat dago”.

Kontestu horretan, EAJren bozeramaileak tinko eustearen alde egin du, “oinarri demokratikoetatik”. Era berean, uste du Puigdemont “asmatzen ari dela”, bere jarduerak “Estatua agerian utzi baitu EBren aurrean”, izan ere, “modu horretan diharduen Estatua eta horrelako egoerak sortzen dituena -Presidentea espetxeratuta egonik aukeratzera behartzea, adibidez- urrun dago estatu demokratiko baten ezaugarriak betetzetik”.

Azkenik, EAJk Estatuko Aurrekontu Orokorrak babesteko aukeraren inguruan, argitu du “hipotesi huts gisa ere ezin dela hartu gaur gaurkoz”. “Erabat zentzugabea da gertatzen ari dena”, salatu du. “Kataluniako politika desegonkortzen zara (PP) 155aren bidez, eta horrekin batera, Estatuan zure posizio propioa egonkortu beharra daukazunez, zuri (EAJ) bost bozka eskatzen dizkizut”. “Lehenik eta behin, 155ekoek lagun dezatela”, amaitu du.