Prentsa Aretoa

2017/10/27

Begoña Otalora: “Erakundeak eta eragile publiko zein pribatuak elkarrekin inplikatu behar dira adikzioen prebentzioan”

Eusko Legebiltzarrak Adikzioei buruzko 2017-2021 Euskadiko VII. Plana eztabaidatu du. Helburua da substantzia adiktiboak eta jarrerazko adikzioak ahal beste gutxitzea

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Osasun Sailak egindako plana estrategia ona da aurrera egiten jarraitzeko bizitza-estilo eta -ohitura osasungarrien sustapenean, adikzioak dituzten pertsonen arretan eta prebentzioan. Uste dugu bide onetik doala, eta bere ahalmen osoa erabiltzeko, beharrezkoa izango dela gainontzeko erakundeek, eragileek eta herritarrek parte hartzea”. Begoña Otalora legebiltzarkide jeltzaleak bere taldearen babesa erakutsi dio gaur Jon Darpon sailburuari, eta esan dio “guztiok” inplikatzea beharrezkoa izango dela ohitura osasungarriak areagotu eta arrisku-kontsumoak eta –jarrerak gutxitzeko. Otaolaren ustez, adikzioak osasun publikoko arazo dira, eta Sailaren berezko eremutik baino haratago doaz. Hori dela eta, beharrezkotzat jo du hainbat disziplina eta erakundetatik ekitea. “Eremu horretan lanean diharduten eragile guztien –bai publikoen, bai pribatuen- partehartze koordinatua erabakigarria da eskuhartze-estrategiek ahalik eta ikuspegi eta eraginkortasun egokiena izan dezaten”, esan du.  

Hori dela eta, EAJ-PNVren ordezkariak bizitzeko ohitura osasungarriak gizartean txertatzearen garrantzia nabarmendu du, bereziki gazteengan, hainbat substantzien kontsumotik urrunduko dituztenak. Horien artean leudeke alkohola, tabakoa edo kanabisa, gure gizartean gero eta presentzia handiagoa dutenak. “Pertsonen arteko partehartze eta kontzientziazio handiagoa sustatu behar dugu, beren burua zain dezaten eta osasunari arreta handiagoa eman diezaioten”.

Otalorak esan duenez, lorpenak lorpen, badago lana egiteko; bereziki, jarrerazko adikzio berriak agertzearekin lotutako lana. Horien lekuko dira ludopatía edo teknologia berrien gehiegizko erabilera. “Enfasia jarri beharra dago jokaera berrietan eta patología berri horiei lotutako gaitzetan. Ordenagailuak, segapotoak eta bestelako tresna teknologikoak onuragarriak dira ondo erabiliz gero, baina gaizki erabiltzeak arrisku handiak ekar ditzakete”.

Legebiltzarkide jeltzaleak Osasun Saila animatu du antzeko estrategiak garatzen jarrai dezan, prebentzioan, arriskuen gutxitzean eta osasunaren sustapenean eragin baikorra izango baitute.