Prentsa Aretoa

2017/10/18

Iñigo Iturrate: “emakumeek munduan sufritzen duten desberdintasunak gure lan politikorako bultzagarria izan behar du”

Nazio Batuen erakundeak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu du Munduko Biztanleriari buruzko 2017ko txostena. Legebiltzarkide jeltzaleak gaur berretsi du Euskadiko erakundeen konpromisoa, emakume guztiak ahaldunduko dituen nazioarteko sistema bidezko eta zuzenarekin

rss Ezagutzera eman
Iñigo Iturrate: “emakumeek munduan sufritzen duten desberdintasunak gure lan politikorako bultzagarria izan behar du”

ARGAZKIA JAITSI

“Uste osoa dugu nazioarte mailan sistema bidezko eta zuzena lortuko badugu, ezinbesteko gertatzen dela genero berdintasuna lortzea eta emakume eta neska guztiak ahalduntzea. Beharrezkoa da munduan ematen diren diskriminazio era guztiekin amaitzea, eta guztiz funtsezkoa da maila guztietan irmotasun osoz jardutea, hauen artean osasun esparruan eta sexu eta ugalketa eskubideei dagokienez. Jakin dakigu ez daukagula mundua guk nahi genukeen mailan aldatzeko gaitasunik, baina bagara aldaketa txiki batzuk eragiteko gai”. Hitz horiekin aurkeztu du Iñigo Iturrate legebiltzarkide eta Biztanleria, garapen eta ugalketa osasunari buruzko Intertaldeko koordinadoreak Biztanleriaren arloko Jardueretarako Nazio Batuen Funtsak urtero Munduko Biztanleriaren Egoerari buruz egiten duen txostena. Agirian jasotzen denez, emakume eta gizonen arteko desberdintasuna- bereziki  ugalketa eskubideei dagokienez- gero eta handiagoa da eta “arriskuan” jartzen du hainbat herrialdeetako garapen jasangarri eta ekonomikoa.

Hausnarketa horien arabera, Iturratek baieztatu du emakumeek mundu mailan bizi duten desberdintasunak “gure jardun politikorako bultzagarria” izan behar duela. Nazio Batuen Erakundeak eginiko txostenak, gainera, guztioi dagokigu. “Euskadik eta bere erakundeek konpromisoa dute Garapen Iraunkor eta Jasangarrirako helburuekin, garapenerako lankidetza politikoei dagokienez zein barne jardun publikoari dagokionez, eta  hori dena berariaz jasota dago Jaurlaritzaren Gobernu Egitasmoan”.

EAJ-PNVko ordezkariak era berean azpimarratu nahi izan du Legebiltzarreko Intertaldeak  konpromiso osoa duela mundu bidezkoaren alde ezarritako neurriekin, eta zentzu horretan adierazi duenez “aurrerapausoak eman diren arren, urrats horiek finkatu eta biderkatu egin behar dira”. Berdintasunari baietza ematea da, amaitu du, oinarrizko giza eskubideari baietza esatea.