Prentsa Aretoa

2017/01/30

Berasaluze: “Alokairua da etxebizitza publikoa bermatzeko modurik justuena”

Irune Berasaluze legebiltzarkide jeltzaleak ezinbestekotzat jo du ingurumen eta etxebizitza ikuspuntua eta helburuak politika guztietan sartzea, “gure baliabide naturalak zaindu eta errespetatuko dituen gizarte emankorra, modernoa eta progresista eraikitzeko”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza sailburuak legegintzaldirako bere Departamentuaren ildo estrategikoak azaldu ditu. Bertan, Irune Berasaluze legebiltzarkideak Euzko Alderdi Jeltzalearen konpromisoa berretsi du, Ingurugiro eta Etxebizitza politika gizarteratzekoa.

Ordezkari jeltzaleak adierazi duenez, “Lurralde iraunkor baterantz joan behar gara eta bertan, ingurumen osasuntsua eta oparotasun ekonomikoa eta soziala ezingo dira ekonomia lehiakor, berde eta berritzaile baten emaitzetatik bereizi.”

Berasaluzek esan duenez, EAJ-PNVren ustez, “Gizarte zibil antolatuak ingurumen politika arduratsu bati eragiten dioten erabakiak hartzeko prozesuetan aktiboki parte hartzea, ekintza publikoaren gardentasuna bermatzeko eta gure ingurumena gordetzeko modurik onena da”.

Euskadi Ingurugiro legeetan aitzindariak bada ere, legebiltzarkide jeltzaleak beharrezkotzat jo du Ingurugiroa, Aldaketa Klimatikoa eta Natura Kontserbatzeko legea bultzatzea, gure legedia Europar direktiben ondorioz izandako araudira egokitu behar dugulako. “Ingurumenak aukera ekonomikoak irekitzen ditu, enpresa eta lanpostuak ere sortzeko aukerak ematen dituelarik. Horretarako, Eusko Jaurlaritzatik laguntzea ezinbestekoa da”.

Berasaluzeren hitzetan, Lurraldea Antolatzeko Gidalerroen (DOT) lurralde estrategia berrikusteko prozesuarekin jarraitu beharra dago, aurreikusitako epeak bete daitezen eta dagokien erakundeen adostasunarekin, behar diren lurralde plan partzialak eguneratu. “Kultura partehartzailea sustatu behar da lurralde politikan eta ebaluazio sistema eta adierazle egokiak ezarri, antolaketa bera eta antolaketa-tresnak etengabe hobetu ahal izateko”.

Etxebizitza politikari dagokionez, legebiltzarkide jeltzaleak uste du politika egokia garatu beharra dagoela, pertsona guztiek etxebizitza duina izateko duten eskubidea bermatze aldera. Horretarako, garrantzitsutzat jo du 2015ean onartutako Etxebizitza Legea garatzea eta betetzea, bereziki, legeak jasotzen duen eskubide subjektiboa bermatzeko, eta alokairu-politikari lehentasuna emanaz. “Beharrezkotzat jotzen dugu horretarako beste erakundeekin izan beharreko koordinazioa eta baita sektore pribatuarekin lankidetza. Legeak dioen bezala alokairurako etxebizitzen eraikuntza edota birgaikuntza finantzatu behar dira erakunde publikoetatik eta eraikita baina hutsik dauden etxebizitza pribatuak merkatuan jartzea sustatu behar da, gaur egun Alokabidek kudeatzen dituen programen bidez, Bizigune eta ASAP”.

Berasaluzek nabarmendu du garrantzitsua iruditzen zaiola gazteen emanzipazioa lagunduko duten programak sustatzea, zuzkidura ostatuen edo partekatutako etxebizitzen programaren bidez. “Etxegabetzeen aurrean ere, fede oneko zordunei laguntza ematen jarraitu behar dela uste dugu, bai hipoteka mailegua ordaindu ezinik dabiltzanei eta baita etxebizitza parke publikoko maizterrei ere”.

Amaitzeko, ordezkari jeltzaleak esan du ezinbestekoa dela hiri-birgaitzea eta eraberritzea. “Eraikinen Ikuskaritza Teknikoaren bidez egiten ari den mapak lurraldeko eraikinen egoeraren berri emango digu, beharrezkoak diren zaintze lanak hobeto finkatu ahal izateko, oraindik ere eraikin asko baitaude ikuskatzeko”, amaitu du.